Xake partida azkarretako Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen Oier Sarasketa xake jokalari zumaiarrak pasa den asteburuan Deban. Orain beste garaipen bat gehitu dio bere palmaresari. Izan ere, atzo Santanderren (Espainia) jokatu zen Robin Chess txapelketa irabazi zuen Kbi xake klubeko kideak bere kategorian, 16 urtez azpikoetan.
Haur eta gazteei zuzendutako txapelketa da Kantabriako hiriburuan jokatutakoa, eta bertan 1.500 xake jokalari baino gehiago bildu ziren, kategoria desberdinetan banatuta. Parte hartzaileek 15 minutuko partida azkarren bederatzi txanda jokatu behar zituzten. Sarasketa 16 urtez azpikoen mailan aritu zen, eta garaipena erdietsi zuen, 8 puntu lortu eta gero.