Batzuk bizikletan egitekoak diren bidaia, besteek saltaka egingo duten lasterketa. Azkenaldian gure lagun arteko elkarrizketetan leku nabarmena irabazi du kirolak. Norberak egiten duen kirolak, zehatzago esanda; izan futbola, eskubaloia edo txirrindularitza, zale gisa jarraitzen ditugun horiek lehen ere hizketagai baitziren.
Kasualitatea edo ez, 30 urte betetzearekin batera iritsi da aldaketa hori. Eta guztia esaten hasita, beti lortzen ez badu ere, lerro hauek idazten ari dena ere lehen baino gehiago arduratzen da orain astean gutxienez bizpahiru aldiz zerbait egiteaz. Nahi baino denbora gutxiagoz, nahi baino motelago eta nahi baino abilidade eskasagoarekin, baina zerbait. Pixkanaka hobekuntza ikusteko asmoz. Edo, gutxienez, minik hartu gabe irauteko esperantzaz.
Eta halako batean, Gukaren Zumaiako webgunean sartu, eta Fernando Gajateri egindako elkarrizketa aurrez aurre: "Anbizio bakarra daukat gaur egun: Behobia korritzea". Zumaiarrak 81 urterekin amaitu zuen iazko Behobia-Donostia lasterketa, horretarako astean 40 kilometro inguru entrenatuta. Agian, hartaz gogoratu beharko nintzateke nire buruari sofan geratzeko aitzakia merkeak jartzen dizkiodan hurrengo aldian.