Ehun pausoko skin-care routine-ak, bizitza idealizatuak, aste batean argalduko zaituzten mirari dietak, trad wife-ak, fake new-ak, incel-en podcastak, Grok bidez biluzten diren gorputzak, pornografia eta ziberjazarpena. Sare sozialak eta adin txikikoak, adin txikikoak eta sare sozialak. Horixe dago auzitan azken egunotan. Adin txikikoak bizitza digitaletik babesteko asmoarekin, gobernuak eremu horretan errespetua eta ongizatea bermatzeko hainbat segurtasun neurri hartzearekin batera, 16 urtetik beherakoei sare sozialetara sarrera debekatzeko neurri berria jakinarazi du. Jakin badakigu sare sozialak errealitate paralelo basati eta arriskutsuak bihurtu direla azken urteotan, eta esango nuke adimen artifizialaren areagotze azkarrak eta eskuin muturreko teknokratek plataforma horiei emandako trataerak eragin handia izan dutela horretan. Horrez gain, gero eta adin txikiagoko herritarrek baliatzen dituzte sare sozialak, eta horrek esan nahi du haur eta gazteak lehenago jartzen direla, hein batean errealitatea ere baden, oihan horren eraginpean.
Horrela, guztiz unpopular opinion-a izan daitekeela jakinda eta sare sozialen defendatzailea izan gabe, erabakia auzitan jarri nahiko nuke. Entzun apur bat. Harturiko neurrian debeku hitza erabiltzea esanguratsua iruditu zait, modu batean trataera sinplista, infantilista eta paternalista ematen diolako gazte izateari berari: beste behin, gazteak gaitasun murritzeko subjektu pasibotzat tratatzen dituelako, haien egonezinak kontuan hartu gabe. Argi dago gutxieneko adin bat ezarri behar dela; halere, 16 urteko gazte bati hori debekatzea arriskutsua iruditzen zait. Ez baita arazoa konpontzen, tapatu baizik. Legezko neurriek sare sozialetan fake new-ak, gorroto diskurtsoak, biolentziarako joera pizten duten edukiak, alkohola eta jokoa bultzatzen dituztenak... debekatu beharko lituzkete, eta ziberjazarpena prebenitzen duten neurri eraginkorrak, elikadura nahasmenduak saihesteko protokoloak… sortu. Baina badirudi hori egiteko asmorik ez dagoela, industria ekonomiko handia baitago horren atzean.
Bestalde, adierazgarria da telebista ikusteko gutxieneko adinik ez zehaztea, bertan ere agertzen direlako etengabe gezurretan aritzen diren politikariak eta esatariak, inposatutako edertasun kanonak, bizitza idealizatuak, prime time-en gertatzen diren bortxaketak, irainak eta errespetu faltak. Baina badirudi horrek ez gaituela kezkatzen.
Sare sozialak norbere testuingurutik ihes egiteko leiho ere badira gaztaroan, ezagutzen duzunaz harago dagoenaz jakiteko manera bat. Bestela aurkituko ez zenukeen artistaren album berria entzuteko aukera ematen dute, zure kapital sozial, politiko, kultural zein ekonomikoak baldintzatzen ez duen aukera dira. Espazio seguruak izan daitezke, hain zaurgarria den etapa horretan, munduan dauden testuinguru desberdinetan salbazio izatera iritsi arte; iritzi kritikoa bultzatzeko eta izaeraren eraketan laguntzeko tresna. Sareak ez dira deabrua, deabrua askoz ere handiagoa da eta leku guztietan dago.
Sareetan ez da errealitatean ez denik. Halere, sare sozialak ez dira errealitatea, telebistan ikusten duguna ez den modu berean. Hortaz, babestu gazteak benetan kaltegarria den edukiarengandik, baina, era berean, mantendu lagungarri izan ahal zaien hori, ez kendu libertaterik, eman askatasuna. Aldatu fokua eta errotik konpondu sare digitalean erraldoi bihurtzen diren eguneroko munstroak. Garbitu kristala eta izango da leiho bat mundura.