Judoan, karatean eta boxeoan ibilitakoa, betidanik gustatu izan zaizkio arte martzialak eta borroka arteak Unai Telmo Zabalari (Zumaia, 1981), baina ez dira urte asko orain pasio duena praktikatzen hasi zela: jiu-jitsua. Ikasketaz soinu eta argiztapen teknikaria, 18 urte zituela aitaren alboan hasi zen lanean Irungo (Gipuzkoa) Irudi Ots enpresan –enpresaren arduraduna da gaur egun–, baina lanarekin nahikoa ez, eta pandemiatik bueltan, "duela bost edo sei urte", eguerdietan izaten zuen hutsartea betetzeko zerbaiten bila hasi zen. "Interneten begira hasi nintzen eta ikusi nuen Donostian jiu-jitsu eskolak ematen zituztela, eta izena eman nuen". Antiguako Gracie Barra eskolara joan zen probatzera, eta sentitu zuena hitzez azaltzeko gai ez den arren, ziurtatu du "erabat harrapatu" zuela.
Tatamiaren gainean egiten da jiu-jitsua, horretan badu antzekotasunik judoarekin edo karatearekin, baina diziplina desberdinak dira. "Jiu-jitsua arte martzial bat da eta elkarrenganako errespetua du oinarrian, judoak eta karateak bezala, baina diziplina bakoitzak bere teknikak eta arauak ditu". Jiu-jitsu borrokaldia zutik hasten dute, eta lurrean jarraitzen. "Helburua da zure aurkaria lurrera botatzea eta hura kontrolpean hartzea, luxazioen, estutzeen eta abarren bidez. Judoan ere aurkaria lurrera bota behar izaten da, baina behin eraitsita, laster bukatzen da borrokaldia. Jiu-jitsuan lurrean jarraitu egiten du borrokaldiak; esan liteke borrokaldiaren oinarria lurra dela, eta bi borrokalarietako batek amore ematen duenean bukatzen da borrokaldia". Zabalaren ustetan, "sekulako umiltasun lezioa" da gehiago ezin duzula onartu eta amore eman behar izatea.

Luxazioak, estutzeak eta abar entzunda, diziplina bortitza irudi lekioke norbaiti, baina ukatu egin du zumaiarrak. Adierazi du jiu-jitsu-k "arte leuna" esan nahi duela, eta ziurtatu du ez dela batere biolentoa. "Askotan galdetzen didate erraz min har al daitekeen jiu-jitsuan, eta ez dut gezurrik esango, lesioak izaten dira, bai, ikasi egin behar baita zeure burua kontrolatzen eta parean duzunaren gaitasunetara egokitzen. Teknika beharrean indarra gailentzen den kasuetan izaten dira lesio gehienak, eta hain zuzen ere, horixe da saihestu behar dena, are gehiago entrenamendu saioetan".
Txapelketak beste kontu bat izaten direla dio. "Nik bateren batean parte hartu izan dut, baina hemen ingurukoetan, nahiz eta ez dudan baztertzen noiz edo noiz maila handiagokoren batera joatea". 40 urte betetzear zela parte hartu zuen lehen aldiz txapelketa batean, Bilbon. "Irakasleak galdetu zidanean ez al nintzen animatzen, harrituta gelditu nintzen. 'Nola parte hartuko dut ia 40 urterekin?', galdetu nion, eta berak baietz, master kategorian parte hartzeko. Halaxe joan nintzen". 70 urtekoak ere lehiatzen direla ikusita, oraindik bide luzea egin dezakeela esan du, barrez.
Dena dela, ez du helburu handizalerik. "Oraindik gerriko morea besterik ez dut, eta asko daukat ikasteko". Entrenatzen jarraitu nahi du, gozatzen eta egunero gauza berriak ikasten; aitortu baitu tatamian sartzen den bakoitzean ikasten duela zerbait, batzuetan maisuengandik, besteetan ikasleengandik. Izan ere, gaur egun jiu-jitsu irakaslea da Zabala. Joan den irailean zabaldu zuen Gracie Barra akademia Zumaian. "Kate bat da, Brasilen sortu zuten eta munduan 900 eskola inguru ditu, eta kateko edozein eskoletan entrenatzeko aukera dute ikasleek". Gertutasunagatik, Zarauzkora joaten hasi zen Zabala, baina ez bera bakarrik, emaztearekin eta hiru seme-alabekin batera baizik. "Familia guztia harrapatu gintuen kirol honek, eta entrenatzeaz gain, zerbait gehiago egiteko grina sortu zitzaidan". Arduradunekin hitz egin, eta ikusi zuen aukera izan zezakeela Zumaian bere eskola zabaltzeko, eta halaxe egin zuen. "Haur eta heldu, guztira 60 bat lagun etortzen dira, eta ezin naiz gusturago egon".
Beste guztiaren gainetik, saioetan sortzen den "giro ona" nabarmendu du zumaiarrak. "Era guztietako jendea etortzen da; etor daiteke mediku bat, abokatu bat edo langabe bat, baina behin tatamiaren gainean, inor ez da inor baino gehiago". Interesa duten herritarrei probatzeko gonbidapena egin die Zabalak. "Batzuei gustatuko zaie, beste batzuei ez; niri honek bakea eman dit. Denok izaten ditugu arazoak, eta askotan, ihesbideak topatzen ditugu, hobeak batzuk, okerragoak besteak. Atzera begira jarrita, konturatzen naiz ohitura txar asko nituela, eta esan dezaket honek nire bizitza bideratzen lagundu didala". Umeetan ere aurrerapauso argiak ikusten dituela nabarmendu du. "Lehen egunean nola sartzen diren eta handik aste batzuetara euren buruarenganako konfiantza nola irabazten duten, sekulakoa da; asko betetzen nau horrek".
- Adina: 45 urte.
- Ikasketak: soinu eta argiztapen teknikari izateko goi mailako zikloa.
- Lanbidea: soinu eta argiztapen teknikaria eta jiu-jitsu irakaslea.
- Soinu eta argiztapen teknikaria ez banintz… suhiltzailea izango nintzateke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… familiarekin egotea.