Larunbatean Karibe Konpartsara batu zineten guztiei, mila esker!

Astindu dantza elkartea 2026ko maiatzaren 26a

Astindu elkarteko kideak, Karibe Konpartsarekin dantzan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zumaiako Astindu dantza taldeak Karibeko doinuz eta dantzez alaitu zituen herriko kaleak pasa den larunbatean, eta kalejiran parte hartu zuten herritarrei eskerrak emateko idatzi duen gutuna da honakoa.

Larunbatean Karibe Konpartsa ikuskizuna izan genuen, eta ikustera bertaratu zineten guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu Astindu dantza elkartearen izenean. Ikustera gerturatu bazineten ere, konpartsaren parte izatea lortu zenuten; guk, behintzat, hala sentitu genuen, ikaragarrizko beroa eta babesa jaso baikenuen. Dantzarien eta publikoaren energiek bat egin zutela sentitu genuen, oso gertutik. Horrek laguntzen du, hain zuzen ere, ikuskizun batek arrakasta izan dezan. Denon artean sortutako giroaz gozatzeko aukera izan genuen, eta horrek ez du preziorik. Beraz, mila esker publikoaren eskuzabaltasunari eta jarrerari: zoragarria izan zen!

Sarritan entzuten dugu horrelako emanaldi alai eta dibertigarri baten ondoren herritar asko inbidiak jota geratzen zaretela. Dantzarako izugarrizko gogoa sortzen zaizuela, baina ez zaretela ausartzen: ez dela zuentzat, ez duzuela ondo dantzatzen, ez zenuketela lortuko txukun egitea… eta horrelako hainbat aitzakia. Guk, elkartetik, dantzatzera animatzen zaituztegu, den-denak! Dantza sustatzen dugu, herriarentzat eta herritar ororentzat!

Ez gara hasiko dantzatzeak dituen onura guztiak zehazten, baina azpimarratu nahiko genuke fisikoki eta mentalki oso mesedegarria izateaz gain, harreman sozialak josteko tresna izugarria dela. Gure elkartean adin ezberdinetako kideak ditugu: gazte, heldu zein nagusi, denok nahastuta egiten dugu dantza. Hor sortzen den energia oso magikoa da, adina eta sexua gainditzen ditu, eta herriko harreman sozialen sarea indartzen laguntzen du.

Hortaz, dantzatzeko gogoa duzuen herritar guztiei deialdia luzatu nahi dizuegu (16 urtetik gora, adin mugarik gabe). Jar zaitezte gurekin harremanetan astindu.zde@gmail.com posta elektronikoan edo 623228665 telefono zenbakian. Bestelako ekarpenak ere oso ongi-etorriak izango dira!

Eta amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Zumaiako Udaleko Kultur Sailari, gure proiektua babesteagatik eta gauzak hain erraz jartzeagatik. Mila-mila esker!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide