Gaur arratsaldean jokatuko duten Zarauzko Triatloiak eragina izango du eskualdeko trafikoan. Arratsaldeko lehen orduetatik aurrera Kostako errepideko errei bat, Zumaiatik Zarautzera bitartekoa, itxita izango da, eta Zarautzera joan asmo duten auto gidariek AP8 autobidea erabili beharko dute.
800 lagun bilduko dituen kirol jarduerak Lurraldebuseko autobusetan eragingo du. Izan ere, 14:00etik 18:15era bitartean, Patxita Etxezarreta kaleko bus geralekuak bertan behera utziko dituzte Zumaia-Donostia zerbitzua eskaintzen duten UK09, UK10 eta UK11 lineetarako. Denbora tarte horretan, hasierako eta amaierako geraleku bakarrak Txomin Agirre kaikoak izango dira.
Halaber, Getariara joateko helburua duten bidaiariek aurretik Zarautzera joan beharko dute, eta han Getariara doan autobusa hartu, N-634 errepideko errei hori irekita egongo delako.
Zarautz bertan ere geraleku batzuk ezeztatuko dituzte probak irauten duen denboran. Hala, 14:15etik 18:30era bitartean, Argiko bi geralekuak bertan behera utziko dituzte, baita Sanz Eneakoa eta San Pelaiokoa Donostiarako noranzkoan. Suhiltzaileen biribilgunean geldialdi alternatiboak egingo dituzte Lurraldebuseko autobusek.
Barrualdeko zerbitzuetan ere eragina
Geralekuak bakarrik ez, zerbitzu batzuk ere ezeztatu beharrean izango dira. Zumaiatik Aizarnazabalera 17:10ean ateratzen dena, eta Aizarnazabaldik Zumaiara 17:30ean datorrena dira horren adibide.
Zumaia eta Zumarraga arteko UK06 linean ere eragina izango du. Hala, Zumaiatik 13:45ean irteten den zerbitzua autopistaz joango da Elgoibarrera arte, eta behin Azkaratetik Azkoitiara joanda, han autobus aldaketa egingo du. Zumaiatik 14:45ean, 16:45ean eta 17:45ean ateratzekoak ziren zerbitzuetan, Zumaia eta Zestoa arteko tartea ezeztatuko dute, eta zuzenean Zestoatik aterako dira 15:00etan, 17:00etan eta 18:00etan hurrenez hurren.
Bestalde, Zumarragako Ospitaletik 13:05ean,15:10ean eta 16:05ean irteten diren zerbitzuak Zestoaraino bakarrik iritsiko dira, eta ez dute Zumaiaraino jarraituko.