Lindy hop dantza jaialdiak antolatu dituzu azken urteotan. Zer da zehazki lindy hop?
Swing dantzen barruko aldaera bat da. Swinga, dantza edo musika genero bat baino, jazzak eragiten duen erritmoa da. Jazza XIX. mendearen amaieran sortu eta urteekin garatzen joan zen. Amalgama eta influentzia horietatik hainbat dantza estilo sortzen joan ziren, eta swinga da horietako bat. Guk lindy hop-a egiten dugu, erritmo azkarragoak dituen dantza.
Zerk erakarri zintuen dantzaren mundura?
Ez naiz inoiz dantzaria izan, eta beti lotsa eman izan dit dantzatzeak. Erraza da goizaldean, 03:00etan, tabernan, garagardoa eskuetan duzula, lagunekin dantza egitea. Baina era ordenatuan eta araututakoan ez nuen inoiz dantzarik egin. Gainera, dantzara erakartzen ninduen generorik ez nuen aurkitzen hasieran; musika latinoak ez nau inoiz erakarri, akaso tangoak bai, baina tangoa irakasten duten eskolarik ez zegoen inguruan. Pandemia heldu zen gero, eta lindy hopa eta swinga heldu ziren nire belarrietara. Bideo batzuk ikusi nituen, eta gustatu egin zitzaidan. Konfinamendua amaitzean, 2020an, Donostiako bi eskolatan eman nuen izena.
Erraza egin al zitzaizun lehen aldiz plazara dantzara ateratzea?
Ez, eta ordutik bost urte igaro badira ere, oraindik lotsa ematen dit. Irakaslearekin dantza egin behar dudanean, adibidez, blokeatu egiten naiz. Dena den, beste une batzuetan oso libre sentitzen naiz, jendea begira ari zaidala nabaritzen ez dudanean.
Zer sentitzen duzu dantzatzean?
Batetik, gorputzaren arintasuna beste era batera nabaritzen dut, ohikoa ez den era batean. Funtzional gisa definitu daitezkeen mugimendu batzuk egiten ditugu, eta dantzatzerakoan hedatu egiten dira mugimendu horiek. Gainera, bestelakoa izaten da dantzakideekin sentitzen den konexioa. Beti izan naiz pertsona lotsatia, eta biolentoa egiten zitzaidan ezagutzen ez nuen jendearekin kontaktua edukitzea. Dena den, [dantzarekin] ohitzen joan naiz pixkanaka, eta sentsazioa oso atsegina da.
Nolakoak izaten dira lindy hop jaialdiak?
Swinga dantza soziala da, eta arau batzuk baldin baditu ere, inprobisaziorako aukera ematen du. Zerbait egin behar genuela pentsatu nuen duela urte batzuk; dantza saio zurrun bat baino, Itzurunen ilunabarrarekin eta lagunekin egindako saio bat irudikatzen nuen, unearekin eta ingurunearekin gozatzeko aukera ematen zuena. Maite dut kozinatzea, eta Aita Mari elkarteko bazkide naizenez, polita iruditzen zitzaidan poteoaren ondoren eta dantza egin aurretik jaialdiko partaideok elkarrekin bazkaltzea. 2022an egin genuen lehen jaialdia, Gala Egunean; sekulako eguraldia egin zuen, 25-30 lagunentzako marmitakoa prestatu nuen, eta egun perfektua izan zen. Urteekin betetzen joan da Itzurunen lagunekin dantza egiteko nuen ametsa.
Nahiko al zenukete zuei begira egoten den jendea dantzara animatzea?
Jendeak lindy hop-a ezagutzea eta dantzatzea da helburua. Jarduerak ikusgarritasuna izan dezan, aire zabalean egiten dugu jaialdia. Zumaiako jaialdiko kontzertua, esaterako, Kofradiako plazan egiten saiatu izan gara beti. Ez da dantzarako zorurik onena plaza horretakoa, ez da dantzarako lekurik egokiena, baina parte hartzeko aukera ematen duen tokia da, jende asko pasatzen delako handik. Iaz, aniztasun funtzionala duen lagun talde bat hurreratu zen plazara, eta monitoreekin eta han zegoen jendearekin aritu ziren kideak dantzan; polita izan zen. Jaialdira eta dantza eskoletara joaten den jende kopurua handitzea lortzen baldin badugu, zoragarri!