Erretratua

Melanie Gonzalez: "Ikusleek minutu batzuk besterik ez dituzte ikusten, baina gu urte osoan aritzen gara prestatzen"

Aiora Arriola 2026ko ekainaren 29a

(Ainhoa Caporossi | La veceria)

Dantzari gisa hasi zen Melanie Gonzalez Da Silva (Zumaia, 2004) 16 urterekin Zarauzko BZ dantza eskolan, musikaren erritmora ondo pasatzeko asmoz, eta azken urteetan koreografo izatera iritsi da. Horrez gain, antzerki eta osasun arloetan ere erabat murgilduta dago.

Txikitatik gustatu izan zaio artearen mundua, eta dantza urbanoa probatzea erabaki zuen gaztetan. Gaur egun, Zumaiako Astindu dantza elkartean ari da koreografo gisa, eta maiatzean egingo duten konpartsan dantzari modura ere parte hartuko du. Antzerkiarekiko zaletasuna dela eta, Arte Eszenikoen Tailerren ikasketak egiten hasi zen, baina azken urtean etenaldi bat egin du, eta erreskaterako oposaketak prestatzen dabil. "Lehen antzerkia aukera bakartzat ikusten nuen, eta orain etorkizunean horrekin jarraitzea posible dudala jabetu naiz", agertu du. 

Jakin-minagatik animatu zen Melanie Gonzalez Zarauzko BZ dantza eskolan izena ematera. Hasieran zaletasun bat besterik ez zen, baina irakasleak konpromiso handiagoa eskatzen zuen talde batera aldatzeko esan zien adiskide batzuei, eta lehenengo aldiz lehiaketa batean parte hartu zuen Zarauzko BZ dantza eskolak. "Gure bizitzetako egun onenetariko bat izan zen hura, taldea sortu eta gure lehen emanaldira joan baikinen", oroitu du zumaiarrak.

Lehiaketetako oroitzapen zoragarriak dauzka Gonzalezek: "Lehen aldiz amateur absolutuen mailan lehiatu ginen azkenak ez geratzeko helburuarekin, beste taldeek ikaragarrizko maila erakusten zutela ikusi baikenuen, eta sariak ematerako unean gure taldearen izena esan zuten. Sinetsi ezinik geratu ginen denok, pozez beteta".

Duela bi urte, taldea desegin egin zuten Nerea Saldias irakaslea Madrilera joan zelako, baina Gonzalezi une hartan koreografo izateko aukera eskaini zioten. "Ordura arte ez nuen inoiz klaserik eman eta urduri nengoen, dantzari izatetik koreografo izatera pauso handia baitago, baina beraiek nigan zuten konfiantza ikusita animatu egin nintzen, eta esperientzia ikaragarria bizitzeko aukerta izan nuen", esplikatu du. Formakuntza ofizialik ez duen arren, etorkizunean ikasteko prest dago, bere ustez horrek "kalitatezko irakaskuntza" ahalbidetzen duelako.

Oholtzatik haratago

Dantzak, ordea, une zailak ere baditu. "Ikusleek oholtzan minutu batzuk besterik ez dituzte ikusten, baina gu urte osoan aritzen gara koreografia prestatzen", esan du. Une horretan, gainera, urte osoko lana "ezin hobeto" erakutsi behar dela dio, eta ez dela beti horrela gertatzen. Dena borobil egitea ezinezkoa dela esan du: "Lanbide honek ematen dizun irakaskuntza horixe da, dena ez dela amaieran jasotzen duzun emaitza, urtean zehar izandako garapena baizik".

Astindu dantza elkartean beste bi estilotako koreografoekin dabil lanean, eta konpartsarako gogo handiz ari da prestatzen dantzari gisa hainbat adiskiderekin. "Ostiralero entseatzen dugu pare bat orduz, eta oso ondo ari gara, giro ederrean", nabarmendu du. Gainera, bi urteren ondoren, desegindako taldeak Zarauzko emanaldian parte hartuko du irakasle ohiaren eskutik. "Guztira bederatzi entsegu soilik egingo ditugu, baina gogo handia daukagu, eta berriz denak elkartzea zoragarria izango da", adierazi du.

Dantzan hasi nahi dutenentzat aholku bat eman du Melanie Gonzalezek. Hasieran zailtasunak izatea normala dela dio; "horregatik, konfiantzaz sentituko zaren leku batera joatea da onena". Koreografoaren arabera, dena lotsa kontua da, eta praktikaren poderioz desagertzen da hori. "Niri Nereak asko lagundu zidan zentzu horretan, dantzatzean pausoak egiteko modu bakarra ez zegoela erakutsi baitzidan", ziurtatu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide