Santiago hondartzan bainatzea debekatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Zumaiako Udalak jakitera eman duenez, azken orduetan hartutako ur laginek ez dituzte betetzen ezarritako kalitate irizpideak, eta horregatik bainatzea debekatzen duen bandera gorria igo dute Urolaren itsasadarrean kokatzen den hareatzan.
Aurreko urteetan ere behin baino gehiagotan debekatu dute hondartza horretan bainatzea, baita albotik igarotzen den errioan ere, uraren kalitatea ez zelako egokiena bainatzeko. Iaz errioan bertan uretan sartzea galerazten zuen agindua ere eman zuen udalak. Horren harira, ibaian ez bainatzeko gomendioa egin zuen Osasun Sailak, gune hori bainu eremu bezala erroldatu gabe zegoelako.
Gaineratu dutenez, Osasun Sailak bihar hartuko du beste lagin bat Santiagon, eta haren analisiak emandako emaitzen arabera erabakiko dute hondartza horretan bainatzea izango den edo ez.