Maite Urteaga Zumaiako txirrindulariak bolada onean segitzen du. Espainiako Txapelketan elite mailako zilarrezko domina jantzi berritan, Eulen-Amenabar taldekoak merezidun bigarren postua lortu du Portugalgo Itzuliko lehenengo etapan.
Gaur hasi da Portugalgo Itzulia, eta egunean etapa bat korritu beharko dute txirrindulariek, harik eta hilaren 5ean txapelketa amaituko den arte. Herrialdearen hegoaldean izan da estreinako etapa, 106 kilometrokoa, Amadoratik Povoa de Santa Iriara. Emma Siegers alemaniarra izan da helmugaratzen lehena. 2.50:52 denbora egin du hark, eta 17 segundora sartu da Urteaga helmugan.
Datozen etapatan, Portugal hegoaldetik iparraldera zeharkatuko dute txirrindulariek, eta biharkoa izango da etaparik luzeena: 127 kilometro egingo dituzte, Montijon hasi eta Tomarren amaitzeraino.