Hauteskunde prozesua abiatu du Telmo Deun arraun elkarteak zuzendaritza berria aukeratzeko

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 3a

Zumaiako arraunlariak, denboraldi hasieran Saregile plazan egindako aurkezpenean. (Juan Luis Romatet)

Klubeko zuzendaritza berria osatzeko gogoz diren hautagaien zerrendak abuztuaren 15etik irailaren 15era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte arraun elkartearen egoitzan.

Iazko urte amaieran egindako bazkide batzarrean ontzat eman bezala, Telmo Deun arraun elkarteak klubeko zuzendaritza berria aukeratzeko hauteskundeak egingo ditu aurtengo denboraldi amaieran. Hala adierazi du klubak bazkideei igorritako idatzian.

Arraun elkarte historiko horren zuzendaritza berria osatu nahiko duten hautagaiek zerrenda aurkeztu beharko dute klubeko egoitzan. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, abuztuaren 15etik irailaren 15era bitartean izango baita epea zabalik. Zerrendak, itxiak izango dira, eta bost hautagaien eta ordezko bi bazkideren izenekin aurkeztuko direla eman dute jakitera, zerrendako bazkideen sinadurekin. Argitu dute zerrendaburua izango dela klubeko presidente izateko hautagaia.

Behin epea itxita, hautagaien zerrenda bakarra aurkeztu bada, inongo bozketarik gabe emango da ontzat. Aldiz, zerrenda bat baino gehiago aurkezten bada, irailaren 30ean egingo dute ezohiko batzarrean egingo da bozketa zerrenda desberdinen artean.

Giro nahastua azken urteotan

Giro gorabeheratsua izan du Telmo Deun arraun elkarteak azken urteotan. 2024an, gizonezkoen trainerua TKE ligarako igoerako play offera apuntatu ez izanak –bigarren izan zen Telmo Deun denboraldi hartan– giroa nahastu zuen, eta haren ondorioz, orduko zuzendaritzak dimisioa eman zuen, eta arraunlariek beraiek hartu zuten klubaren kontrola. Iñaki Aristi aukeratu zuten presidente, eta iazko denboraldiaren ondoren Eñaut Larrañaga aukeratu zuten presidente.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide