Marrazketa lantegia eta kontzertua izango dira etzi, 'Harrapatu' erakusketaren barruan

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 8a

Bisitaria Oxford aretoan dagoen 'Harrapatu' erakusketan. (Juan Luis Romatet)

Harrapatu erakusketa igandera arte egongo da ikusgai Alondegiko Oxford aretoan. Haren barruan, ostiral arratsaldean marrazketa lantegia eta kontzertua egingo dituzte Oxford bertan.

Harriak programaren barruan antolatutako Harrapatu erakusketa ikus daiteke egunotan Alondegiko Oxford aretoan. Bertan, Andrea Berbois, Adrian Irisarri eta Angela Rodriguez sortzaileek ondutako lanak ikusi ahal izango dira igandera arte. Egunero izango da aretoa zabalik, 18:30etik 20:30era bitartean. Asteburuan, eguerditan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara bitartean, hain zuzen ere.

Proposamen artistiko horren barruan, etzi, ostirala, arratsalde partean, beste bi jarduera ere izango dira. 17:30ean hasita, Lerroa eta mugimendu soziala izeneko marrazketa lantegia eskainiko du Angela Rodriguezek; bi ordu geroago, 19:30ean, Andrea Berboisen kontzertua izango da. Bi jarduerak ere Oxford aretoan bertan emango dituzte.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide