Abian da dagoeneko aurtengo Donosti Cup futbol txapelketa. Euskal Herri osoko 60 futbol zelaietan banatuko dituzte txapelketa horren barruan jokatuko dituzten partidak, eta horien artean da, iaz gertatu bezala, Zumaiako Aita Mari futbol zelaia. Gaurkoan lau partida izan dira jokoan, eta horietatik hirutan Martutene donostiarrak eta Herrialde Katalanetako Elite Fut Academy neurtu dira; laugarrengoan, berriz, Merignac Arlac frantziarrak eta Elko S.C. estatubatuarrak aritu dira.
Txapelketako lehen faseko hamabi partida hartuko ditu Zumaiako berdeguneak, hiru egunetan banatuta; launa partida izango dira Zumaian jokoan, gaur, bihar eta etzi, ostirala. Gaur gertatu bezala, bihar ere arratsalde partean lehiatuko dira taldeak, 16:00etatik aurrera. Ostiralean, aldiz, goizez arituko dira Aita Marin, 10:00etan hasita.
Bihar arituko diren taldeen artean izango da etxeko taldea, Zumaiako. Fut Prime Academy taldea izango dute gorriek aurkari, 19:30ean jokatuko duten partidan.
Hemen ikus daitezke Zumaiako norgehiagoketan izandako emaitzak eta datozen egunotan Aita Marin jokatuko diren partidak.