Erretratua

Manu Blanco: "Itsasoan pisu handia izan dezake erabaki txar batek"

Helene Menayo 2026ko uztailaren 18a

(Ainhoa Caporossi I La Veceria)

Etxetik datorkio larrialdien munduarekiko interesa Manu Blancori, eta txikitatik du itsasoarekin lotura. Gaur egun, bi alde horiek uztartzen ditu lanean: Itzurun hondartzako soroslea da. Ekaineko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Manu Blancok (Zumaia, 2001) txikitatik izan du larrialdien mundua gertutik ezagutzeko interesa. Familian suhiltzaileak ditu, eta haiek izan dira betidanik bere erreferente nagusiak. Oposizioetarako bidea egiten ari zela hasi zen sorosle lanetan, esperientzia pilatzeko eta larrialdi egoeren aurrean lan egiten ikasteko. Dena den, lanbidea ez zaio kasualitatez iritsi; izan ere, txikitatik dauka itsasoarekin lotura. "Zumaiar askok bezala, bizitza osoa pasatu dut Itzurunen olatuak hartzen, surf oholarekin... Etxean beti irakatsi didate itsasoa errespetatzen", esan du. Urteekin, lotura hori estutzen joan dela erantsi du Blancok.

Sorosle lanetan hasi zen urte berean jakin zuen patroi postua libre zegoela, eta aukera hura aprobetxatzea erabaki zuen. Beharrezko tituluak atera zituen, eta gaur egun bi eginkizunak uztartzen ditu: hondartzako soroslea da, baita patroia ere. Haren hitzetan, "oso desberdina" da lehorrean edo itsasoan lan egitea. Hondartzan lanean ari denean, zaintza eremu jakin bat kontrolatzen dute, baina patroi gisa ari denean, kostalde osora zabal daiteke larrialdia. "Algorrin turistak harrapatuta geratzea, itsasontzi bat arriskuan egotea... Edozein abisu jaso dezakegu". Horrez gain, askotan ateratzen da itsasora motoarekin, eta erabakiak momentuan hartu behar izaten ditu. "Itsasoan hartutako erabaki txar batek pisu handia izan dezake", ohartarazi du.

Presio handia eragiten duten egoera ugari bizi izan ditu urte hauetan. Gogoratzen duen gogorrenetako bat duela bi uda gertatu zen, itsasontzi batek Orroagan harrien kontra jo zuenean. Santiago hondartzan lanean ari zen orduan Blanco, eta uretako motoaren bila portura joan behar izan zuen. Orduan ikusi zuen argi baliabide faltak zenbat baldintzatzen duen beren lana. "Porturaino joan behar izateak denbora asko galarazten du, eta, Orroagara iritsi nintzenerako, itsasontzia harrietan zegoen", kontatu du. Zorionez, itsasontzian ziren lagunek ez zuten minik hartu, baina egoerak arrastoa utzi zion: "Halakoetan konturatzen zara baliabide falta daukazula, eta esku hartze batera iristea behar baino gehiago kostatzen dela".

Etengabeko tentsioa

Itsaso txarra den udako egunetan tentsioa "etengabea" izaten dela aitortu du Blancok. Itzurunen bost sorosle baino ez dira aritzen lanean, eta batzuetan guztiak uretara sartzera behartuta egoten dira. "Halako egun batean, korronteak hainbat pertsona eraman zituen arrastaka, eta erreskate betean, hondartzako zaintza eremua kontrolik gabe gelditu zen une batez. Halakoetan ikusten da zeinen fina den marra; izan ere, jendea uretan dago, sorosle guztiak erreskate batean sartuta, eta beste zerbait gertatzen bada, egoeraren kontrola guztiz gal daiteke", adierazi du. Haren ustez, itsasoaren arriskua gutxiestea da jendeak egiten duen akatsik handiena, eta korronteek duten arriskuaz ohartarazi du: "Marrazo bat ikusiz gero, denak aterako lirateke uretatik korrika, baina korronteekin ez da hori gertatzen, eta hori da arazoa".

Korronteen bueltan sortzen diren egoerek zuzenean eragiten diete sorosleei, eta Blancok esan duenez, askotan haien lana hondartzako zaindari huts gisa ikusi ohi du jendeak, ez benetako larrialdi zerbitzu gisa. "Jende askok ez daki nola egiten dugun lan, eta batzuk ez dira ohartzen beraien segurtasuna bermatzeko etengabeko tentsioan aritzen garela", gaineratu du. Hamar orduko lanegunak izaten dituzte, eta itsasoa bare egon arren, tentsioa ez dela inoiz desagertzen adierazi du. "Badakizu edozein momentutan edozer pasatu daitekeela, eta zu izango zarela lehenen erantzuna emango duen pertsona", esan du. Horrek nekea sortzen duela aitortu du, batez ere itsaso zakardun hainbat egun jarraian tokatzen direnean.

Hala ere, argi dauka zer den sorosle ona izatea: "Lana serio hartzea". Haren ustez, udako lan soil gisa ikusten duenak nekez ulertuko du egiteko horrek daukan erantzukizuna zer-nolakoa den. "Sorosle ona bokazioz da soroslea. Gaur egun zaila den arren, bizitza osorako bailitzan egin behar da lana", esan du. Horregatik, sektoreak profesionalizatzen jarraitu behar duela uste du: denboraldia luzatuta, langile gehiago jarrita, formakuntza eskaintza handituta eta baliabideak hobetuta, besteak beste. Hala azaldu du: "Bidea luzea da, baina helburu horiek lortzera jo behar dugu. Udak gero eta luzeagoak dira, eta gero eta jende gehiago joaten da hondartzara. Horri behar bezalako segurtasun zerbitzuarekin erantzun behar zaio". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide