Atzo eguerdian jarri zituzten salgai abuztuaren 7an egingo duten Euskal Jai Eguneko herri bazkarirako txartelak, eta 24 orduko epean ahitu dira, agerian utziz, beste behin ere, herritarrek festarako duten gosea. 400 lagunentzako lekua izaten da bazkarian, baina salgai 350 txartel jartzen ditu udalak. Besteak azokako parte hartzaileentzat edota musikarientzat gordetzen dituzte.
Hurrengo ostiralean egingo dute Euskal Jai Eguna Zumaian. Goizean, ohi bezala, artisauen azoka egingo dute herriko Alde Zaharrean. Eguerdi partean balkoitik balkoirako bi saio izango dira, udaletxean lehena eta Kofradian bigarrena, eta behin eztarriak umeldu eta gero, Eusebio Gurrutxagan jarriko duten karpa azpian egingo den bazkarira gerturatuko dira hartarako txartelak dituztenak.