Datorren urtean Laboral Lutxa-Euskadi talde profesionalean arituko den Maite Urteaga txirrindulari zumaiarrak amateur kategoriako palmaresa loditzen jarraitzen du. Pasa den asteburuan Akitania Berria eskualdean jokatutako Charente Maritime Itzulian lehiatu da Eulen-Amenabar taldearekin, eta beste garaipen bat erdietsi du.
Abuztuaren 1ean eta 2an jokatu dute hiru etapaz osatutako itzulia –lehen egunean goizez eta arratsaldez izan zituzten saioak–. Larunbatean, goizean, 89,2 kilometroko etapa egin behar izan zuten txirrindulariek, eta erlojupeko 10,6 kilometrokoa arratsaldean; igandean, berriz, 92,2 kilometroko etapa gauzatu zuten, itzuli hartako azkena.
Larunbat arratsaldean egindako erlojupekoan lortutako garaipenari esker lortu du Urteagak podiumeko goiko postura igotzea. Izan ere, azkarrena izan zen Urteaga erlojupekoan, bigarren egin zuen Heidi Gaugaineri lau segundoko aldea atereaz. Hiru etapak jokatuta, bi segundo besterik ez dira egon zumaiarraren eta frantziarraren artean. Itzulia borobiltzeko, Zarauzko kluba taldeen sailkapenean ere lehena izan zen.