Zumaiako Musika Jaialdiak tartea egin die azken hamarkadan musika klasikotik haratago dauden estiloei. Horren erakusgarri da atzo arratsaldean Torreberriko aterpean entzun ahal izan zen emanaldia. Bertan, Macurambé talde kataluniarrak munduko musika estilo desberdinekin osatutako kontzertua eskaini zuen. Herritar ugari bertaratu ziren emanaldia jarraitzera.
Perkusioa osagai nagusi duen taldea da Marucambé. Estilo eta erritmo anitzeko emanaldia eskaini zuten Bartzelonakoek, baina abesti horietan beti izan zen danborren taupadarekin bizkarrezurra mugitzeko parada.
Musika Jaialdiak haurrentzako saioari tartea egingo dio gaur arratsaldean. 18:30ean hasita, Pirata alferrak antzerki musikatua jarraitu ahal izango da Komentuko lorategian. Ekitaldirako gonbidapenak ahituta daude dagoeneko.