Zabaldu dituzte Santiagoko arrapala azpiko komunak eta aldagelak

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 6a

Santiagoko komun publikoa berriak, dagoeneko zabalik. (Zumaiako Udala)

Zabaldu dituzte dagoeneko Santiago hondartzako arrapala azpian egokitutako komun publikoak eta aldagelak. Pasa den martxoan hasi zituzten lanak. Printzipioz, Portutxiki kantina ondoko komunak ere bertan mantenduko dituzte.

Gaur goizeko 10:00etan zabaldu dituzte Santiago hondartzako arrapala azpian egokitutako komun publikoak eta aldagelak. Lanak iragan martxoan hasi zituzten, 243.573 euroko aurrekontuarekin, eta Iparragire Eraikuntza Lanak enpresak gauzatu ditu. 

Irekierarekin, aspalditik datorren gai bati amaiera eman diote. Izan ere, 2018an LKS Ingeniaritza Kooperatibak Santiagorako diseinatutako proiektuan arrapala azpian komunak eta aldagelak atontzea jasotzen zen. Lanen hasieraren berri emateko Zumaiako Udalak igorritako oharrean jasotzen zen proiektuak aldaketak izan zituela ordutik. 2020an proiektu berritua formalizatu zuten, eta urte bat geroago, 2021ean, eraikinaren zati bat gaitu zuten, eta sorosleen gunearen barruko lanak ere egin zituen.

Arrapala azpiko lanak amaitu bitartean, komunak hondartzako goiko partean kokatu dituzte, tunelaren eta Portutxiki kantinaren alboan. Hasiera batean, bertan mantenduko dituzte komun horiek, Kosta zuzendaritza horren aldekoa ez bada ere.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide