Victor Rios: "Paisaia errealitatearen abstrakzioa dela proposatzen dut nire lanetan"

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 11

Victor Rios, Alondegiko Oxford aretoan erakutsitako lanen aurrean. (Juan Luis Romatet)

Laukiratze. Paisajes liminares izeneko erakusketa zabaldu du Victor Rios (Mexiko Hiria, 1970) artistak Alondegiko Oxford aretoan. Abstrakziotik abiatutako paisaiak jarri ditu ikusgai mexikarrak abuztuaren 30era arte zabalik izango den erakusketan.

Duela bi urte jarri zenituen zure lanak ikusgai Oxford aretoan, Myriam Gesalagarekin batera egindako erakusketan...

Hala da, bai. Bost bat urte generamatzan elkarrekin hainbat proiektutan lanean. Biok paisaiaren inguruko lanketa egiten genuen, eta zerbait partekatzen genuela ohartu ginen, elkarren artean elikatzen ginela. Hortik atera zen duela bi urte erakutsi genuen Harria urtu izeneko proiektua. Oxford aretora jende asko sartzen dela ikusita, Miriamekin [Romatet, Zumaiako Udaleko kultura teknikaria] harremanetan jarri nintzen banakako erakusketa bat egitea posible izango al nuen galdetzeko, eta baiezkoa izan zen erantzuna.

Orduko erakusketarekin alderatuta, aldaketarik ba al da zure lanean? 

Orduko hartan, gehienbat, litografiak erakutsi nituen; litografian aritu izan naiz gehienbat eta teknika horren irakaslea naiz Mexikon. Ikusgai jarri ditudan lanen abiapuntua, berriz, 2023an dago; EHUn master bat egitera etorri nintzen urte hartan. Monoprintekin hasi nintzen orduan lanean; nolabait esatearren, arte grafikoaren eta margoaren artean dagoen teknika bat da, eta inprimatutako margoa bezala ere definitu daiteke. Azalera lau baten gainean botatzen da tinta, metakrilatoa edo azetatoa izan daitekeena, eta ondoren, arrabolen bidez, margoak nahasi edo moteldu egin daitezke. Gero, tinta hori askatuta sortzen dira testurak edo formak, horretarako elementuak erabilita. Prozesuaren amaieran marraztu egiten da, modu oroitarazlean edo iradokitzailean paisaiak izan daitezkeenak sortzeko.  

Oxfordeko erakusketako lanek ba al dute gai komunik? 

Serie moduan planteatu dut erakusketa. Serie horietako batzuek bolkanikoaz jarduten dute; nire jaioterrian, Mexikon, bolkan asko daude, eta horren influentzia handia dago lanetan. Bestetik, flyscha ez dago modu literalean jasota, baina hori iradokitzen dute lanek. Lehendabizikoz 2021ean etorri nintzen Euskal Herrira, Bilbon egin zuten lehiaketa batera, eta han ezagutu nituen beste artista batzuk. Ordurako interes handia nuen flyscharekin; irudiak-eta ikusita nituen Internet bidez. Arrastorik ez nuen Zumaia non zegoen, baina flyscha ikusteko interesa neukan. Lagunek bazuten nire gogoaren berri, eta taldean ekarri ninduten Zumaiara. Txango txiki bat egin genuen oinez, eta labarren argazkiak atera nituen, formazio geologiko horien irudiak izateko. 

Bestalde, teknika bat asko erabiltzen dut: interesatzen zaizkidan lekuetan argazkiak ateratzen ditut, haiei begira egoten naiz denbora askoan, nire memorian haien erregistro bat geratu dadin, eta gero argazkiak bota egiten ditut. Horren ondoren, azaldutako teknika aplikatuz egiten ditut lanak. Benetan existitzen ez diren paisaiak sortzen ditut. Ezin daiteke esan paisaiak direnik ere; abstrakziotik abiarazitako paisaien ebokazioak dira.  

Zure paisaietan ez dago elementu figuratiborik.

Hori da. Ez duzu aurkituko mendiaren, itsasoaren edo labarren forma zehatzik. Nolabait esatearren, abstrakzioaren kodifikazioaren muga batean geratzen dira, eta ikusleari bere paisaia propioa sortzeko gonbidapena egiten dio. Lan batzuetan geometria eta arkitektura ere idarokitzen da; beste batzuetan, berriz, badirudi irudiak etzaten ari direla. Gainera, badira dronen bidez goitik hartutako irudiak diruditenak ere. Esan izan dudan bezala, paisaia aintzinan behetik gora ikusten zen, izarretara begira jartzen ziren; geroago, Ingalaterrako paisajistei esker, zerumugan jarri zuten begirada; eta azken aldian goitik behera begira jarri gara.  

Laukiratze. Paisajes liminales izena du erakusketak. Zer da izen horrekin adierazi nahi duzuna?

Lan batzuek, erakusketaren izen bera duen serie batekoek, lauki edo ate batzuk dituzte, edo hobeto esanda, ateen baoak gogoratzen dituzten koadroak dituzte. Esan ohi dut paisaiari begira jartzen zarenean errealitatea enkoadratzen duzula, eta hori bihurtzen dela paisaia. Paisaiak, berez, ez du existitzen. Itsasoa duzu, zerua, mendiak... Begiratu eta laukiratzen duzun hori bihurtzen da paisaia. Zerumugak edo zerumugen iradokizunak ere agertzen dira nire lanetan. Horrekin jokatzen dut gaia lantzeko.  

Lan gehienak bertikalak dira. 

Paisaiari begira jartzen garenean, gu geu ere paisaiaren parte bihurtzen gara. Gizaki bezala, paisaian kokatzen zara, paisaiaren parte zara. Sakelakoen erabilerarekin ere jokatu nahi izan dut. Paisaia aipatzean beti irudi horizontalak etortzen zaizkigu burura, etzanak, baina telefonoek gure ingurunearen pertzepzioan eragina izan dute.

Ia lan guztiek tonu monokromatikoak dituzte, eta kolorea baldin badute, oso tonu apalak. Badira, ordea, gorri kolore oso bizia duten lan batzuk. Besteen ondoan, nabarmendu egiten dira. Asmo hori al zenuen? 

Hala da. Serieekin egin ohi dut lan, ikertzen ari zaren bitartean gauza oso bereziak ateratzen direlako. Aipatu duzun serie horrek Magma izena du, eta kolore gorri horiek izaera bolkanikoari egiten diote erreferentzia. Halako kolore goria erabiltzera atrebitu egin nahi nuen, eta horregatik, gorria, grisa eta beltza dituen gamarekin egin nuen lan, hiru kolore horiek nahastean kolore tindatuak ateratzeko. Horrek basaltoa, harri bolkanikoa, magma, laba ekartzen du burura.  

Beste lan batek, erabili nituen koloreengatik, Manglar (mangladi) izena du. Mexikoko Karibean mangladi ugari daude, eta nire asmoa ez zen hasiera batetik mangladietan oinarritutako paisaia bat egitea, baina testurek, landu nituen eran, mangladietan aurki daitezkeen ehundurak irudikatzen zituzten. Hortik sortu zen izenburua.

Paisaia aipatu duzu sarritan. Zer du erakargarria paisaiak zure lanaren zati bat horren inguruan egiteko? 

Uste dut nire errealitatearekin duela zer ikusia. Unibertsitatean doktoretza egiten ari naiz, eta asko atera den gaia da izaera tektoniko handia duen herrialde batetik natorrela; Mexikok dardara handia egiten du. Lurrikara handi bat bizi izan nuen behin, eta paisaiaren beste ikuspegi bat izan nuen orduan. Ondorioz, paisaiaren aldaketa jarraikorraren lanketa egiten dut. Izan ere, paisaia alda daiteke argiagatik, gizakiak ingurunean duen eraginagatik, fenomeno naturalengatik... Hasiera batean ez nintzen horretaz kontziente, baina abiapuntua izan da hori niretzat. Gerora, arrazoi hainbat tarteko bidaiatzen hasi nintzen, eta lekuen edertasunak ohartzen; flyscha da horren adibide. Urte asko daramatzat lanean, figurazioa ere landu dut, baina abstrakzioa da maite dudana. Paisaiaren kasuan, nire lanetan proposatzen dudana zera da: paisaia errealitatearen abstrakzioa dela.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide