54. Dinastia Etxabe txapelketak hurbil du amaiera, eta atzo jokatutako partiden ostean argitu zen zesta puntako finalean lehiatuko diren bikoteen izenak: Erik-Uranga eta Aaron-Aldazabal izango dira aurrez aurre ostegunean, 21:00etatik aurrera, Aitzuri pilotalekuan.
Atzo gauean Aitzurin jokatutako bi finalerdiek oso bestelako bilakaera izan zuten. Erik eta Uranga nagusi izan ziren eta bi setetan lortu zuten finalerako sailkapena; Aaronek eta Aldazabalek, berriz, hirugarren eta azken setera arte borrokatu behar izan zuten Cosme eta Salegi gainditzeko.
Sendo aritu ziren Erik eta Uranga eta mendean hartu zituzten Etcheberry eta Kanpandegi, lehenengo setean 12-7 eginda eta bigarrenean 12-6. Erik izan zen partidako protagonista nagusia. Aurreko koadroetan errematean asmatu zuen, partida kontrolatzeko gaitasuna erakutsiz eta tantoak zuzen amaituz. Atzean, lan bikaina egin zuen Urangak ere. Akats gutxi egin zituen, aurrelaria lagundu zuen eta atzetik tantoak egiteko gaitasuna ere erakutsi zuen. Bien artean bikote oso sendoa osatu zuten.
Etcheberryk eta Kanpandegik, aldiz, ez zuten euren egunik onena izan. Etcheberryk tanto batzuk amaitzea lortu zuen, baina ohi baino akats gehiago egin zituen. Kanpandegi gazteak dohainak eta mugimendu ona erakutsi zituen, baina ez zuen bere jokorik onena aurkitu.
Bigarren finalerdia parekatuagoa izan zen. Aaron-Aldazabal bikoteak Cosme eta Salegi gainditu zituzten hiru seteko neurketa gogorraren ostean. Aaron eta Aldazabal indartsu hasi ziren, eta lehenengo seta 6-12 irabazi zuten. Aaronek partida bikaina egin zuen, tanto ugari amaituz eta errematean min handia eginez. Aldazabal, berriz, oso seguru aritu zen atzean, pilota asko sartuz eta bikoteari etengabe lagunduz.
Bigarren setean partidaren norabidea aldatu zen. Cosmek protagonismo handia hartu zuen errematean eta Salegik lan ona egin zuen atzean. Set oso parekatua izan zen, baina azkenean, Cosme-Salegi bikoteak 12-10 irabazi zuen, partida berdinduz.
Azken setean ere berdintasuna izan zen nagusi. Une erabakigarrietan, ordea, Aaronek eta Aldazabalek partida beren aldera eramatea lortu zuten eta finalerako bigarren txartela eskuratu zuten.
Hiru final eta omenaldia
Ostegunean jokatuko dituzte Aitzuri pilotalekuan 54. Dinastia Etxabe txapelketaren hiru finalak: zesta puntakoa, eskuzko gazte mailakoa eta eskuzko elite mailakoa, hurrenkera horretan. 21:00etan hasiko da ekitaldia, eta pilotalekuan ez ezik, jaialdia zuzenean ikusteko aukera eskainiko dute Kirolzale TVren YouTubeko kanalean.
Erik-Uranga eta Aaron-Aldazabal puntisten partidaren ostean, Perez-Elola eta Landa-Salinas jubenilak lehiatuko dira, eta azkenak izango dira elite mailakoak; Oihan Etxeberria-Elorz bikoteak Beitia eta Apeztegia izango ditu aurkari jaialdia itxiko duen lehian.
Lehiaz besteko une berezia ere izango da osteguneko jaialdian. Berriki beren ibilbide profesionala amaitu dute Joseba Lezeta eta Arritxu Iribar kazetariak omenduko ditu Dinastia Etxabe txapelketak.
Lezetak ibilbide luzea egin du El Diario Vasco egunkarian, eta lotura estua izan du pilota munduarekin. Arritxu Iribar zumaiarra, berriz, euskal kirol kazetaritzako ahots ezagunenetako bat izan da. Ia 39 urtez Euskadi Irratian aritu ondoren hartu berri du erretiroa, eta hamarkada horietan zehar kirolaren jarraipena egin du, besteak beste, txirrindularitza, pilota eta beste hainbat kirol gertutik jarraituz.