Zuri-beltzezko nahiz sanpedroetako argazki lehiaketen sariak banatuko dituzte ostiralean

Maddi Txintxurreta

Sanpedroetako lehiaketako argazki irabazlea. (Ivan Rodriguez)

Sari banaketa ekitaldi bikoitza egingo du Distirak ostiral arratsaldean Oxforden. Gainera, egun horretan inauguratuko da zuri-beltzezko argazki lehiaketara aurkeztuko lanekin osatutako erakusketa.

Zuri-beltzezko Argazki Lehiaketaren 38. edizioaren nahiz San Pedro festetan antolatutako lehiaketaren sari banaketak egun bakarrean egingo ditu Distira elkarteak, ostiralean, hain zuzen ere. 19:00etan hasiko dute ekitaldia Oxford aretoan, eta ordu erdi lehenago irekiko dute zuri-beltzezko argazki lehiaketara aurkeztutako lanekin ondutako erakusketa.

Zumaiako argazkilarien elkarteak iragarri zituen aipatu bi lehiaketetako irabazleak. Zuri-beltzezko irudien lehiaketa Duong Ky Hung Vietnamgo argazkilariak irabazi du Shadow runners izeneko lanarekin, eta sanpedroetakoa, berriz, Ivan Rodriguezek, Generaciones argazkiarekin.

Sari banaketa ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, irekiko dute Zuri-beltzezko Argazki Lehiaketaren 38. ediziora aurkeztutako lanekin osatutako erakusketa, Oxforden. Argazkiak hilaren 27ra arte egongo dira ikusgai, egunero, 18:30etik 20:30era.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide