Felix Baltodano (1993) eta Andrea Matamoros (2001) Nikaraguatik iritsi ziren Euskal Herrira, eta azken zazpi urteetan Zumaian egin dute beren lekua. Gaur egun Erribera kaleko Algorri tabernaren arduradunak dira biak: barraren atzean, bezeroekin hizketan eta eguneroko lanen kudeaketan aritzen dira egunero. Haientzat, ordea, Algorri ez da lantoki hutsa izan; herrian errotzeko bidea ere izan da.
Zumaiarekin izan zuten lehen harremana paseo batekin hasi zen. Donostian bizi ziren orduan, eta Baltodanok Elgoibarren (Gipuzkoa) zuen arrebak kostaldeko herrira gonbidatu zituen. "Egun ederra egin zuen, eguzkia, tenperatura atseginak... Flysch inguruan ibili ginen paseatzen, eta Zumaiak harrapatu egin gintuen", gogoratu du tabernariak. Egun hartan esan zioten elkarri noizbait Zumaian bizitzea gustatuko litzaiekeela. Handik gutxira, Baltodano Algorrin hasi zen lanean.
Pandemiaren ondoren iritsi zitzaien nikaraguarrei taberna hartzeko aukera. Ordura arte Algorriko langilea zen Baltodano, baina aurreko arduradunak uzteko asmoa zuela esan zienean, erabaki zail bati buru egiteko atakan sentitu ziren. Ostalaritzarentzat garai nahasia zen: ziurgabetasuna eta beldurra ziren nagusi, negozio asko ixten ari zirelako. "Erabakia bikote bezala hartu genuen. Biok argi izan behar genuen proiektuari heltzeko; ezin zen izan batek nahi zuen zerbait eta besteak ez", esplikatu du. Momentu hartan, ez zekiten jendeak nola erantzungo zuen.
Hasiera gogorra izan zen. Ostalaritzaren mundua ezagutzen zuten, baina autonomo izateak beste erritmo bat eskatzen duela aitortu dute. "Ez da gauza bera langilea izatea edo guztiaz arduratu behar izatea. Ia 24 orduko lana da: kudeaketa, kontuak, langileak, eguneroko arazoak...", nabarmendu dute. Baltodanok dioenez, une hartan "korrika hasi aurretik, lau hankan ikasten" ari zirela sentitu zuten.
Urteek, ordea, erakutsi diete apustu hark zentzua izan zuela. Haientzat, Algorriko barra ez da soilik kafeak, pintxoak eta edariak eskaintzeko tokia. Goiz askotan bezero berak bertaratzen dira, ohiko geldialdia egitera: kafea, hitz batzuk, txantxaren bat. "Askorekin gertuko harremana sortu dugu", ziurtatu dute. Horregatik, hain zuzen ere, saiatzen dira bezeroak entzuten. "Jendea gustura egotea nahi dugu. Tabernara etortzea ez dadila izan konpromiso hutsa", berretsi dute.
Ateak irekita, bi aldeetara
Zumaian ondo hartu dituztela sentitzen dute, baina argi dute harrera hori ez dela alde bakarrekoa izan. Herriak ateak ireki dizkie, eta haiek ere saiatu dira herrira egokitzen. "Ahalegina egin dugu integratzeko: euskara pixka bat ikasteko, agurtzeko, gauzak ulertzeko...", esan dute. Ez dute Algorri beren eredura moldatu nahi izan, Algorri Zumaiak duen erritmora egokitu baizik: "Ez gara etorri gure arauak ezartzera. Beti saiatu gara euskal kultura, Zumaiako kultura, festak eta poteoa errespetatzen".
Azken urteetan Zumaia gero eta turistikoagoa bihurtu dela badakite, baina haientzat tabernaren oinarria herriko jendea da. "Udako turismoa badago, noski, baina ezin da ahaztu eguneroko bezeroa", adierazi dute. Atzera begiratzean, harrotasuna sentitzen dute: taberna aurrera atera dutelako, baina baita herriarekin lotura sortu dutelako ere. "Ez dugu hau gure onura ekonomikorako bakarrik egiten. Guretzat onura soziala ere izan du", azpimarratu dute.
Baina bizitza Zumaian eraikitzeak ez du esan nahi Nikaragua atzean utzi dutenik. "Lurrak beti tiratzen du pixka bat", agertu du Baltodanok. Gehienbat, familiaren eta lagunen falta nabaritzen dute. Hala ere, gaur egun bi haur dituzte, bata 5 urtekoa eta bestea 3 hilabetekoa, eta etorkizuna Zumaian irudikatzen dute. "Lehen bi ginen; orain lau gara. Nikaraguara itzuli eta hutsetik hastea ez litzateke berdina izango", adierazi dute. Hala ere, aitortu dute galdera ez dela erraza. Oraingoz, erantzuna Algorriko barraren atzean dago: bezeroekin eta Zumaian egin duten leku horri eusten.