Nikanor Ortizek hartuko du Kike Manterolaren tokia saregileen ontzia gidatzeko

Onintza Lete Arrieta

Nikanor Ortiz. (Telmo Deun)

Telmo Deun Zumaiako arraun elkarteak komunikatua kaleratu du entrenatzaile berria nor den azalduz. "Taldearekin batera proiektu berri bati ekingo dio datorren urtean", nabarmendu du klubak. 

Telmo Deun Zumaiako arraun elkarteko emakume seniorren taldea entrenatzeari utzi berri dio Kike Manterola entrenatzaileak, hamalau urteko ibilbideari amaiera emanez. Klubak jakinarazi berri du nor izango den haren ordezkoa saregileen ontzia gidatzeko: Nikanor Ortiz. Ondarroako Antiguako Amaren entrenatzailea izandakoa da hainbat urtez, eta klubak zehaztu du Zumaian ere egina duela bere bidea, neska kadeteak entrenatu izan dituelako, eta azken urteetan Zumaiako beteranoen taldea gidatu duelako. Bere ibilbidean zehar "beti emaitza onak" lortu dituela nabarmendu du klubak. "Taldearekin batera proiektu berri bati ekingo dio datorren denboraldian", esan du klubak.

"Izendapen honekin, klubak bere konpromisoa berretsi nahi du senior emakumezkoen taldearen garapenarekin eta etorkizuneko proiektuarekin", azpimarratu du. "Denboraldi berriari ilusioz, konpromisoz eta lanerako gogoz ekiteko unea da", gaineratu du. Izan ere, denboraldi gogorra izan da hau nesken taldearentzat, trainerua ia hutsetik osatu behar izan zutelako aurrena, eta Euskotren ligan gogor borrokatu arren, azkenean mailaz jaitsi direlako eta datorren urtean ETE ligan lehiatuko direlako. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide