Lan eta lo, horixe eta gutxi gehiago egitea egokitu zaio Mikel Zabaletari (Legazpi, Gipuzkoa, 1967) udako hilabeteetan. Taxilariaren bizitza gogorra dela aitortu du, baina Zumaiako bizilaguna errepidera eta motordun ibilgailuetara ohituta dago. Motorrean ibili zalea da, eta autoen kontzesionario baten ardura izan du 34 urtetan. Pandemiaren krisiak behartu zuen ofizioz aldatzera, eta ez da damu. 2021ean hasi zen taxiarekin lanean. "Txofer ez naiz nekatzen", ziurtatu du.
Zabaletak nabarmendu duenez, jendearekin tratuan ondo moldatzea ezinbestekoa da taxilari ona izateko; "alegia, pertsona lehor bat ez izatea". Legazpiarrak badu dohain hori, eta segurtatu du pertsona "oso jatorrak" aurkitu dituela lanbide honi esker. Hala komeni, izan ere, sarri egiten ditu bidaia luzeak: Madrilera joan-etorriak ohikoak dira legazpiarrarentzat, baina Portugalera, Frantziara eta ia Luxenburgoraino joatea ere tokatu izan zaio. Bidaia luzeen alde txarra itzulera izaten dela dio, ordu asko bakarrik egin behar izaten baititu. Horrelakoetan, irratia izaten du bidaide.

Ordutegirik ez du, "ez lo egiteko, ez bazkaltzeko, ezta ezertarako ere". Beraz, Zabaletarentzat, egun batek ez du bestearekin zerikusirik. Lanaldi lasaiak izaten ditu tarteka, "baina beste askotan zalapartaka ibiltzen naiz, batetik bestera ezin iritsi", kontatu du. Lan martxa frenetikoa izanagatik ere, "oso pozik" dagoela azpimarratu du: "Ez dut inorekin haserrerik izaten. Lehengo lanean, bezeroa haserre bazetorren, nirekin ordaintzen zuen, baina orain ez. Askoz lasaiago ibiltzen naiz".
Uda sasoian izaten du lan gehien, milaka kilometro egin berri ditu uztailean eta abuztuan. Bertako jendearekin egiten du lan gehienbat, baina ingelesa ere menperatzen du, eta sarri hartzen ditu turistak. Noizean behin, Elorriagara joatea tokatzen zaiola kontatu du, txorkatila bihurritu duten erromesen erreskatera.
Ilargia baino urrutiago
1999an hasi zen Mikel Zabaletaren urpeko historia. Haren lehengusu batek urpekaritza ikastaroa egin zuen, eta harra piztu zion Zabaletari. "Beti gustatu izan zaizkit Cousteauren abenturak, itsasoko animalien dokumentalak eta horrelakoak", aitortu du. 2001ean hasi zen urpekaritza teknikoa egiten. "Aisialdiko urpekaritzan, gas botila bakarrarekin egiten da urpean igeri, sakonera jakin bateraino bakarrik. Urpekaritza teknikoan, botila bat baino gehiago erabiltzen dugu, eta sakonago egiten dugu igeri", esplikatu du.
Afizio horrek urpeko haitzuloak nahiz hondoratutako itsasontziak ezagutzera eraman du legazpiarra. Espedizioak egiten zituen taldean, eta punta-puntan ibili zen: Libanon hondoratutako HMS Victoria itsasontziaren bueltan ibili zen igerian, Bou Nabarra bilatzeko espedizioan beste ontzi bat aurkitu zuen Bermeon (Bizkaia)... Munduan banaka batzuk besterik ez dira iritsi Zabaleta izandako lekuetara; are, munduko errekor bat hautsi zuen bere taldearekin: 2014an, Font d'Estramar haitzuloan (Frantzia) egindako espedizioan, 256 metroko sakonerara jaitsi zen Jordi Yherla, Zabaletaren eta taldea osatu zuten gainontzeko kideen laguntzarekin.

Ibilbidedun haitzulo batean –ez zen urperaldi zuzena izan, Yherlak bi kilometro luze egin behar izan zituen helmuga puntura iristeko– horrenbesteko sakonera lortu zuen lehenengo taldea izan zen munduan, eta, nolabait esateko, ilargia baino urrutiago iritsi zirela baiezta dezakete: "Urpean sakonera horretan baino jende gehiago egon da ilargian", ziurtatu du Zabaletak. Lau urte behar izan zituzten murgialdi hori prestatzeko: "Lehenengo urtean, sartu eta haitzuloa ezagutu genuen. Kobazulo horren zailtasunak sakontasuna eta distantzia ziren. Urpekari bat sartzeko eta segurtasunarekin ateratzeko, sistema konplexu bat muntatu behar zen, sakonera desberdinetan gas botilak utzita. Urtez urte, planifikazio hori findu genuen, eta prestatu genuenak funtzionatzen zuela egiaztatu: 130 metrora jaitsi ginen eta segurtasun lerroa muntatu genuen bigarren urtean, hurrengoan 192 metrora gauza bera egin genuen. Azken urtean, aurretik beste urpekari batek 213 metrora ezarri zuen punta gainditu nahi genuen. Azkenengo lerroan, 22 botila jarri genituen, modu horretara, urpekariak arazoren bat bazuen, botila batetik bestera igarotzeko eta bizirik igotzeko aukera zuen. Iritsi zen eguna, sartu zen Jordi, iritsi zen 213 metrora, [itzulerako bidea erakutsiko zion] haria lotu zuen, eta 256 metroraino jaitsi zen. Hamahiru orduko murgialdia izan zen".
Horrelako espedizioetan, inor iritsi ez den lekuetako mapa topografikoa osatzea lortzen zuten Zabaletak eta haren taldeak, eta noski, informazioa osatzea. "Iristen da puntu bat dena berria dena. 250 metrora zer arnastuko dut? Inor ez da egoera horretan egon, beraz, liburuek ez dute horrelakorik azaltzen", nabarmendu du Zumaiako bizilagunak.