Etxape Zentro Sozialistako kideek manifestazioa egin dute gaur arratsaldean, Aita Mari auzuneko espazioaren desalojoaren aurka. Jende ugari batu da mobilizaziora, eta Beheko plazatik abiatu dira 19:00etan, herriko kaleak zeharkatuz, Desalojoa gelditu, Etxepe defendatu! lelopean.
Etxape Zentro Sozialistaren etorkizuna kolokan dago. Etxapeko kideen arabera, Aita Mari auzoko lokala duela hilabete batzuk erosi zuten sustatzaile batzuek, eta eraikinean etxebizitza tasatuak egiteko asmoa dute. Era berean, jabe berriek espazioa uzteko bi asteko epea eman diete. Epe hori betetzen ez badute, 300 euroko isuna jarriko dietela salatu dute; hau da, 9.000 euro hilero eta 110.000 euro urtean.
Etxapekoen hitzetan, gatazka ez da berria. Izan ere, iazko abenduan lehen aldiz saiatu ziren espazioa hustarazten, lokalaren erabilera-kontratua amaitu ostean. Orain, berriz, desalojoaren mehatxuaren aurrean daudela diote.
Eraikina etxebizitza tasatuak egiteko erabiltzeko asmoa dutela nabarmendu dute Etxapekoek, baina haien ustez, udal-ordenantzak ez du aukera hori ematen gaur egun erabileran eta jardueran dagoen lokal bat husteko. "Araudiaren helburua hutsik eta jarduerarik gabe dauden lokalei erabilera ematea dela" defendatzen dute.