Olatu moreak Zumaiako kaleak hartu ditu gaur arratsaldean, azken asteburuan gertatutako erasoa gaitzetsi eta biktimari babesa eta elkartasuna adierazteko. Zumaiako Mugimendu Feministak jakinarazi zuen pasa den larunbatetik iganderako gauean hiru gizon gaztek adin txikiko emakume bati eraso egin ziotela, eta gertatutakoaren aurrean manifestatzera deitu zituen herritarrak.
Mobilizazio jendetsua izan da, ehunka pertsona elkartu dira protesta egiteko. Beheko Plazan hasi dute manifestazioa, eta Erribera kalean barrena joan dira ondoren. Hainbat kale zeharkatu ondoren, Saregileen Plazan batu dira, eta han hartu du hitza mugimendu feministako kide batek. "Ezer baino lehen, gure elkartasuna eta besarkadarik beroena bidali nahi dizkiogu erasoa jasan duen emakumeari eta bere gertukoei", esan du hitza hartu berritan.
"Oso haserre" daudela adierazi du: "Haserre, ez dugulako etxera bidean atzera begira joan nahi; haserre, gure janzkerak gure gorputzekin nahi duzuena egiteko eta iraintzeko aitzakiatzat hartzen duzuelako; haserre, gure eguneroko beldurrak benetakoak direla gogorarazten digutelako halako gertaerek". Etxera bidean "libre" izan nahi dutela azpimarratu du, "ez ausart".
Halaber, salatu du pasa den astekoa ez dela gertaera isolatu bat: "Oraintxe bertan Arrasaten (Gipuzkoa) Maritxu Kajoi egunean gertatutako eraso matxista baten berri izan dugu. Hemendik gure babes eta elkartasun guztia".
Horrez gainera, esan du herritar guztiek hartu beharko luketela erasoen gaineko ardura, "indarkeria matxistaren erroa gizartearen egituretan baitago". Gainera, indarkeria matxistaren auzian gizonek duten erantzukizuna azpimarratu du, eta eskatu die azter ditzatela haien jarrerak, interpela ditzatela haien lagunak eta jar dezatela zalantzan haien jokatzeko modua.
Era berean, "erresistentzia feministarako deia" egin die herritar guztiei. "Guk elkar babesten jarraituko dugu, elkarrekin indartzen eta autodefentsa feministak eskaintzen dizkigun tresnetan sakontzen", egin du azpimarra. Hitzartzea amaitzeko, zera esan du: "Otzan nahi gaituzte, baina autodefentsa feministaz armatuta gaude! Erasorik ez erantzunik gabe!".