Indamendi mendi bazkunak beste urrats bat emango du Zumaian mendiko eskiari eskainitako sail bat martxan jartzeko bidean. Duela aste batzuk herritarren artean zabaldutako inkestak piztutako interesa ikusita, bilera ireki bat antolatu du datorren azaroaren 2rako.
Galdeketaren bidez, mendiko eskiarekiko interesa izan zezaketeen herritarren profil desberdinen inguruko informazioa bildu du Indamendik: modalitate horretan esperientzia duten pertsonetatik hasi, eta hasi berriak diren edo jardueran murgiltzeko gogoa duten herritarretaraino.
Zumaiako mendi bazkunak azaldu duenez, mendiko eskia praktikatzen duten herritarrak batzea da egitasmoaren helburu nagusia. Oinarri horrekin, irteerak zein ikastaroak antolatu nahi ditu, eta, funtsean, mendiko eskia praktikatzeko zailtasunak dituztenei bidea erraztu nahi die.
Ekimenari forma ematen hasteko, proposamenak partekatzeko eta herritarren kezkak zein ideiak entzuteko, bilera irekia deitu du azaroaren 2arako, 18:30ean, Alondegiko Moila gelan (lehenengo pisuan).
Deialdia galdetegia erantzun zuten pertsonei zein mendiko eskian interesa duen edonori zuzenduta dago, pertsona bakoitzaren esperientzia edo maila edozein dela ere. Bazkunetik herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera.