Udal eta foru hauteskundeak 2027

Arritxu Gonzalez proposatu dute Zumaiako EH Bilduren alkategai izateko

Maddi Txintxurreta

Ostolaza alkatea, Gonzalez alkategaia eta Yeregi alkateordea

Goi-mailako ingeniaria, Lanbide Heziketako irakaslea eta 2011-2015 legegintzaldian zinegotzi izandakoa da Arritxu Gonzalez zumaiarra. Haren kudeaketarako gaitasuna eta izaera herrikoia nabarmendu ditu EH Bilduk.

Zumaiako EH Bilduren herri batzarrak Arritxu Gonzalez proposatu du datozen udal hauteskundeetarako alkategai izateko. Ingeniaria eta Lanbide Heziketako irakaslea da zumaiarra, 2011-2015 legegintzaldian udal gobernuko zinegotzi izandakoa eta herriko guraso elkartean zein dinamika sozialetan aritutakoa.

Iñaki Ostolaza alkateak pasa den astean iragarri zuen ez dela alkategai gisa aurkeztuko maiatzeko bozetara, eta gaur arratsaldean egindako herri batzarraren amaieran iragarri dute hautagai berria Ostolazak berak eta Argi Yeregi alkateordeak. Koalizioaren barne-arautegiak zehazten duen eran, urtarrilera arteko epea izango da alkategai gehiago aurkezteko, eta orduan onartuko dute ofizialki hautagaitza.

Hautagaitza aurkeztu ostean Gonzalezek hitza hartu du batzarrean, eta adierazi du "erantzukizun eta ilusio handiz" helduko diola erronkari. Eskerrak eman dizkio herriko EH Bilduren mahai politikoari berarengan erakutsitako konfiantzagatik, baita Ostolazari eta haren talde osoari ere, "azken zortzi urteotan egindako lanagatik".

Arritxu Gonzalez Elosuak 52 urte ditu eta ibilbide sendoa du arlo teknikoan zein hezkuntzan. Arrasaten (Gipuzkoa) elektronikako ingeniaritza ikasi ondoren, industria antolaketako goi-mailako ingeniaritza ikasketak egin zituen Grenoblen (Frantzia). Hamabi urtez makina-erremintari eta eguzki-energiari lotutako enpresa pribatu batean lanean ibili ostean, azken hamabi urteotan Lanbide Heziketako irakaslea izan da.

Bestalde, badu eskarmentua udal kudeaketan: 2011-2015 agintaldian udal gobernuko zinegotzi izan zen Zumaian, ogasun, merkataritza eta turismo arloetako arduradun gisa.

Eremu pertsonalean, bi seme-alaben ama eta kirolzalea da, eta herriko guraso elkartean zein dinamika sozialetan parte hartu izan du.

Erreleboa eta jarraikortasuna, biak

Ostolazaren eta Yeregiren esanetan, erreleborako bilatzen zituzten ezaugarri guztiak betetzen dituelako jo zuten Gonzalezengana: "Udal gobernuaren ezagutza, kudeaketarako gaitasuna, izaera herrikoi eta parte hartzailea eta emakumea izatea, besteak beste".

Era berean, Zumaiako EH Bilduko kideek aurreratu dute maiatzaren 23ko udal hauteskundeetarako osatuko duten berriak erreleboaren eta jarraikortasunaren arteko orekari eutsiko diola, "gaur egun zinegotzi lanetan diharduten kide batzuen parte hartzearekin eta kide berriek gehituko dieten freskotasunarekin". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide