Emakume Pentsiodunen seigarren batzarra egin eta egun batera, ELA sindikatuak, %62,55eko ordezkaritzarekin, Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du patronalarekin eta gainerako sindikatuekin. 2025-2028 aldia hartzen duen akordioa aho batez lortu da, eta 2008tik sektorean sinatuko den lehen eraginkortasun orokorreko hitzarmena izango da. Guztira, 5.000 langileri eragingo die, "gehien-gehienak emakumeak". Akordioak sektoreko bi arazo nagusiri aurre egiten die: nahi gabeko lanaldi partzialari eta soldata arrakalari.
Akordioan zehaztutako neurrien artean, %75eko gutxieneko lanaldia bermatzea dago, nahi gabeko lanaldi partzialari eta disponibilitate behartuari amaiera emateko. 60 urtetik gorako langileek lanaldi osoko kontratua izateko aukera izango dute. Soldata arloan, KPIaren igoeraz gain, %2ko soldata igoera gehigarria adostu da; horri esker, gerokultoreen oinarrizko soldatak hilean 2.000 euroko langa gaindituko du.
Horrez gain, langile guztiek errelebo kontratua izateko aukera izango dute, eta 60 urtetik aurrera lanaldia %25 murriztu ahal izango dute. Lan osasuna hobetzeko neurriak eta ordaindu gabeko baimenetan hobekuntzak ere jasotzen dira. Gaixotasun baja guztien lehenengo kasuan, gaixotasun arrunta zein profesionala izan, soldataren %100 bermatuko da. Azkenik, euskara planak ordezkaritza sindikalarekin batera egin eta adostu beharko dira.
ELAk, halaber, bereziki eskertu ditu "borroka feminista eredugarri honetan bidelagun izan dituen egoiliarren senide, mugimendu feministak, pentsionistak eta bestelako eragile sozial zein herritarrak". Aurreakordioa grebalariek aho batez onartu dute, baina orain, greba mugababean dauden 8 erresidentzietako asanbladek baieztatu beharko dute, tartean Zumaiako San Juan egoitzak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere "positiboki" baloratu du akordioa, eta "sektoreko ratioak hobetzeko" konpromisoa hartu du. ELAk akordioa zaintza sektoreko lan baldintzak "duintzeko" eta zaintza "publiko, doako, unibertsal eta kalitatezko baterantz aurrera egiteko urrats garrantzitsutzat" jo du.