Espainiako Gorteetarako bozak (2026)

EH Bildu zenbat eta "indartsuagoa" izan, "bloke erreakzionarioa orduan eta ahulagoa" izango dela ohartarazi du koalizioak

Ane Olaizola

EH Bilduk Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren agerraldia egin zuen atzo iluntzean Zumaian. Mertxe Aizpurua eta Iñaki Ostolaza itxaropenez beteta agertu ziren jendaurrean, "boto masiboarekin eta irribarre handi batekin", bloke erreakzionarioari "irabazi" egingo diotela adierazita. Euskal Herriarentzat "eskubide eta askatasun nazionalak eta sozialak" defendatuko dituztela agindu zuten. 

Alondegiko Oxford aretoa goraino beteta zela egin zuen atzo EH Bilduk Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren agerraldia Zumaian. Koalizio abertzaleak Madrilgo Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpuruak eta Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak parte hartu zuten ekitaldian, eta dozenaka herritarren babesean eskatu zuten biek ala biek datorren igandean EH Bilduri botoa ematea, eskuin muturrari aurre hartzeko asmoz batetik, eta "Euskal Herriaren askatasuna nahiz eskubideak" defendatzeko, bestetik. 

Ostolazak hartu zuen aurrena hitza aurrena, eta hark azaldu zuen igandeko bozek bi erronka nagusi dituztela: batetik, Europan zein Espainiako Estatuan indarra hartzen ari diren eskuin muturra eta faxismoa "gainera datozela" ohartarazi zuen hark, eta indar horrek hainbat eskubide kaltetuko dituela, hala nola emakumeenak, langileena zein hizkuntzari, pentsioei, hezkuntzari eta osasungintzari dagokienak. Horri aurre egiteko, beraz, are indar handiagoa erakutsi behar dela azpimarratu zuen hark, "marea" hori EH Bildu dela gaineratuz. 

Bestetik, datorren igandean sortu asmo duten "mareak" jarraipena izan behar duela ere esan zuen Zumaiako alkateak, datorren urteko udal hauteskundeei begira: "Zumaian martxan daukagun herri ereduak jarraipena behar du. Herri eredu bat ez da egun batetik bestera eraikitzen; agintaldien poderioz finkatzen da. Proiektuak gauzatzen joan behar ditugu: etxebizitza politika sendotzen, mugikortasun jasangarrian aurrera egiten, zaintza erdigunean jartzen...". Hain zuzen, "etorkizuneko Zumaia" eraikitzen segitzeko, "lidergo argia, gertukoa eta konprometitua" beharrezkoak direla nabarmendu zuen hark, eta horretarako, udal bozetan koalizioaren hautagaia den Arritxu Gonzalez "alkatetzara" eramateko dei egin zien herritarrei. 

Koalizioak lan egiterakoan duen "estilo propioaz" ere hitz egin zuen Ostolazak bere hitzaldian: "Gure estiloa ez da zarata handia ateratzea, ezta titular merkeak bilatzea ere. Gure estiloa da proposamenak egitea, negoziatzea, akordioak eraikitzea eta emandako hitza betetzea". Herritarren "bizitza hobetzeko neurriak" bultzatu dituztela azaldu zuen hark, eta horien hainbat adibide eman zituen: "Pentsioak KPIaren arabera eguneratzea, Rajoyren garaiko % 0,25eko
igoera-miseria behin betiko gainditzeko; kotizazio gabeko pentsioak %15 igotzea eta gutxieneko alarguntza pentsioak %15 hobetzea lortu dugu; baita etxegabetzeen kontrako dekretuak ere". 

"Askatasuna amesten duen herria"

Txalo zaparrada artean agurtu zuten Alondegian elkartutako herritarrek Zumaiako alkatea, eta modu berean hartu zuten 2019tik Kongresuan bozeramaile lanetan aritu den koalizioko kidea ere. Itxaropentsu hitz egin zuen hark jendaurrean, haren arabera, Gipuzkoan EH Bilduk Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan inoiz izan duen emaitzarik onenak lortuko dituelako oraingoan. Hain zuzen, Ostolazak bezala, hark ere azpimarratu zuen eskuin muturrari aurre egiteko "indar guztiarekin" dagoela koalizioa: "Eskuina eta eskuin muturra gogor datoz guri kontra egiteko, beraien proiektu bakarra gure nazio izaera ukatzea baita; tristura, motozerra, iraina eta gezurra dira beraien proiektua".

Hain zuzen, bloke erreakzionarioa horretxengatik da "gutxiengoa" lurraldean, Aizpuruaren ustez, eta hala izaten jarraituko du aurrerantzean ere. Izan ere, "boto masiboarekin eta irribarre handi batekin", bloke erreakzionarioari "irabazi" egingo diotela aurreratu zuen hark: "Euskal Herria Bildu zenbat eta indartsuagoa izan, bloke erreakzionarioa orduan eta ahulagoa izango da. Posible da, eta posible egiten ari gara. Horrela jarraituko dugu igandetik aurrera ere". 

Bestalde, Aizpuruaren ustez, datozen bozetan "eredua" dago jokoan: egungo "tentsio" garaiotan, batetik eskubideak murrizten dituztela azaldu zuen hark, eta bestetik, eskubide gehiago bultzatzen direla. EH Bilduk "argi" du non jarriko dituen indarrak, eta agindu du Euskal Herriarentzat "eskubide eta askatasun nazionalak eta sozialak" defendatuko dituela erakunde guztietan. Bide horretan, bloke erreakzionarioari "zirrikitu" guztiak ixteko premia azpimarratu zuen hark, eta hautetsontziak "itxaropenezko botoz" betetzeko deia ere egin zuen. "Erakutsi dugu hemen herri bat dagoela, antifaxista dena, feminista, sozialista, abertzalea eta munduko borroka guztiekin solidarioa. Askatasuna amesten duen herri bat gara, horrela izan gara beti, eta askatasun mailak irabazten ari garen herria gara. Aspalditik gatoz, eta urrutira goazen herri bat gara". 

Izan ere, haren hitzetan, koalizioa da gaur-gaurkoz euskal gizartea "bideratzen" ari dena, "elkartasuna, justizia, justizia soziala eta ongizatea" oinarri hartuta, "ezkerretik" eta Euskal Herriak "benetako askatasuna lortzeko" daukan bizibeharretik abiatuta. "Askatasuna amestu duen herri zahar bat gara, eta oraingoan, berriro, nor eta zer garen erakutsiko diogu munduari; herri bat mugimendu sozial eta biziaren bidea mantentzen jakin izan duena. Herri konprometitua, eztabaida politikoan ez ezik, publikoan eta sozialean ere eragiten duena". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide