Gazitik hasita, kirol emaitza ez zen esperotakoa izan eta gainera, ezinezkoa izan zen estropada lau kaletara jokatzea. Azkenengo honen ardura osoa Telmo Deun Arraun Elkarteko zuzendaritzak hartzen du. Barkamenak eskatu nahi genizkioke arraunlariei, arraun ligei, eta bertaratu ziren zaletu guztiei ere.
Bestetik, gozotik ere izan du. Estropada antolaketa honetan izandako bolondres kopurua oso handia izan da eta alde horretatik harrituta geratu gara. Aspaldiko lagun, arraunlari ohi, arraunzale, guraso... estropadak eskatzen duen antolakuntza lanak egiten ikusteak sekulako poza eman digu eta gainbeheran omen dagoen arraun mundua Zumaian era batera edo bestera bizi-bizirik jarraitu eta bere lekua baduela nabaritu dugu.
Gehiegi luzatu gabe, lerro hauek erabili nahi genituen eskerrak emateko estropada aurrera eramaten lagundu duzuen guztioi. Ezinezkoa zaigu banan-banan eskertzen hastea, eta seguruenik batenbatez ahaztuko ginela, baina, arraunlari ohiei, Zumaiako beteranoei, itsasoan balizekin, epaileekin, ikurrinekin jardundako txalupalari guztiei, arraunlarien gurasoei, 2010-2018 agintaldian ibilitako Arraun Elkarteko zuzendaritza talde ohiari, udala eta udaleko langileei... mila esker Telmo Deun Arraun Elkartearen partez. Daukagun bihotz gorria beteta geratzen zaigu.
Eskerrak eman ere, gorriz jantzita azaldu zineten zale guztiei. Elkarte honek aurrera jarraituko du arraunean, datorrenari branka emanez.
Aupa Zumaia eta Gora Telmo Deun.