Zergatik eman zenuen izena jostunen sare boluntarioan? Interneten irakurri nuen Udalak boluntarioak behar zituela musukoak josi eta herritarren artean banatu ahal izateko. Zergatik izena eman nuen galdetu didazu, ba oso erraza da: josten dakit, gustatu egiten zait, eta laguntzeko modua zela ikusi nuen.
Nolakoa izan da esperientzia? Oso positiboa. Herritarrok deialdiari eman genion erantzuna ederra iruditu zitzaidan. 180 pertsona inguruk (ia guztiak emakumeak) eskaini genuen gure burua. Nahiz eta egoerak gauza negatibo ugari ekarri dituen, baliagarria ere izan da jendeak besteekiko asmo ona erakusteko.
Nola antolatzen zenuten zuen lana? Whatsapp talde bat sortu zen, eta bertatik antolatzen zen nola jaso eta eman materiala eta musukoak. Azalpen bideo bat bidali zigute, josteko teknikak ikasi ahal izateko, eta gero tela eta gomak ekarri zizkiguten, moztuta. Gure lana zatiei forma eman eta elkartzea zen.
Taldean, gaitasun eta esperientzia anitzeko pertsonak geunden. Baina guztiok jarri genuen nork bere alea, ahal zuen abiaduran. Nire lagun batek ere parte hartu du, eta elkar laguntzen aritu gara. Nik 75 musuko egin nituen, eta gehiago beharrez gero, egiteko prest nengoela eskaini nuen. Baina esan zidaten, hainbestek izena eman genuenez, material guztia banatuta zegoela, eta ez zela gehiego egin behar.
Musuko motaren inguruan, zer esango zenuke? Azpimarratuko nuke musuko berrerabilgarriak banatzea, osasunerako prebentzio modua izateaz gain, kontsumoa murrizteko ere ona dela. Ikusten ari gara jendeak, erabilera bakarreko musukoak erabili ondoren, lurrera botatzen dituela edo edozein modutara uzten dituela. Kontu handiagoa izan behar dugu horrekin.
Uste duzu jendartea, orokorrean, esker onekoa izan dela mota honetako ekimenekin? Baietz esango nuke. Entzun dudanagatik, jendeari ondo iruditu zaio bai Udalaren iniziatiba, eta baita boluntarioen lana ere.
Solidario izatea garrantzitsua da. Guztion ardura da elkar zaintzea.