Disko berriko lehen singlea eman du aditzera Ezpalak taldeak

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 28a, 11:00

Datorren azaroan argitaratuko duen Gatza izeneko diskoko lehen aurrerapen abestia da Nola ahaztu.

Bueltan da Ezpalak rock laukotea. Eñaut Gaztañaga zestoarra eta Unai Eizagirre zumaiarra partaide dituen taldeak azaroan aterako duen disko berriko lehen aurrerapen abestia eman du aditzera, Nola ahaztu izenekoa. Gaztañaga berak ekoiztu, nahastu eta masterizatu du Zestoan duen Gaztain Estudioetan.

Punk eta grunge ukituak dituen abestia da hau. Taldekideen arabera, "aldaketari buruz hitz egiten du, atzean uzten ditugun gauzez, geure buruari oztopoak jartzeaz eta hori guztia aldatzeko moduaz".

Azaroan aterako duten Gatza izeneko diskoko lehen singlea da hau. Gatza taldearen estudioko laugarren emaitza izango da, Ezpalak (2019), Kolpatu topatu (2021) eta Hortz aina hots (2022) diskoen atzetik. Pasa den urte amaieran, Durangoko Azokaren atarian, Lagunekin zuzenean (2023) zuzeneko disko bikoitza ere atera zuen laukoteak.

Hemen ikus daiteke aurrerapen abestiarekin egindako bideoklipa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide