'Bada zer' erreportaje sorta jarriko du ikusgai Guka telebistak

Erredakzioa 2024ko aza. 12a, 19:00

Bada zer izeneko erreportaje sorta jarriko du ikusgai GUKAk, eta bost zentzumenak izango dira saioaren ardatzak. Saio bakoitzak bi protagonista izango ditu, bi elkarrizketatu, eta horietako bakoitzak lotura izango du zentzumen batekin. Lehen saioa ostegunean izango da ikusgai, eta koloreak izango dira abiapuntua. 

Bada zer ikusi, entzun, dastatu, ukitu eta usaindu. Bost zentzumenak oinarri hartuta, saio berri bat jarriko du martxan GUKAk: Bada zer.

Saio bakoitzak bi protagonista izango ditu, bi elkarrizketatu, eta zentzumen bat izango da elkar lotzen dituena. Beraz, ikusmena, dastamena, entzumena, ukimena edo usaimena izango dira saio bakoitzaren abiapuntua, baina saio bakoitzean modu desberdinean landuko dira horiek.  

Bi astean behin, ostegunez, Bada zer erreportaje sortako pieza bana argitaratuko du GUKAk, eta ikusgai izango da tokiko webguneetan nahiz Guka telebistan.

Lehen saioan, koloreak

Aurreneko saioa ostegun honetan argitaratuko da, eta koloreak izango dira saioaren abiapuntua. Hain zuzen, Maider Leturiaga zarauztarra eta Josu Badiola azpeitiarra izango dira protagonistak. Leturiagarentzat, lanerako ezinbesteko tresna dira koloreak. Badiola, berriz, daltonikoa da.

Hurrengo saioetan, besteak beste, ahotsa eta dastamena izango dira erreportajeen abiapuntuak. Eskualdeko herri guztietako norbanakoak izango dira Bada zer saioko protagonistak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide