Jon Joseba Aizpurua, Iraitz Legarra eta Juan Ramon Alberdi, Bizenta Mogel ipuin lehiaketako saridunak

Maialen Etxaniz-Ane Olaizola 2025ko ots. 22a, 11:30

Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren sariak banatu dituzte Azkoitian. Sari nagusia Jon Joseba Aizpurua zumaiarrak irabazi du, Tai-Sabaki lanarengatik. Iraitz Legarra markinarrak eskuratu du bigarren saria, Bihotz erien museoa ipuinari esker, eta hirugarren saria, Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak jaso du Etsipenaren lantua lanari esker

Banatu dituzte 43. Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren sariak. Ostiralez egin dute sari banaketa Azkoitiko udaletxeko aretoa nagusian, eta Bizkargi musika eskolako kideek girotu dute musikaz ekitaldia. Aurtengo sari nagusia Jon Joseba Aizpurua zumaiarrak irabazi du, Tai-Sabaki lanarengatik. Zumaiarrak Gukari adierazi dionez, ez zuen espero lehen saria irabazterik, eta "sorpresaz" hartu zuen berria. Arte martzialetan ezaguna den mugimendu bat hartu du idazleak istorioaren abiapuntu gisa, baita psikoanalista baten kontsulta ere. Haren bueltan gertatzen direnak aletu ditu Aizpuruak liburuan, eta aurreratu du "aurreikusi ezin den amaiera" duela. 

Iraitz Legarra markinarrak eskuratu du bigarren saria, Bihotz erien museoa ipuinari esker, eta hirugarren saria, Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak jaso du, Etsipenaren lantua lanari esker.

Legarrak maitasuna hartu du abiapuntu ipuinean, hausnarketa eta esperientzia desberdinak egin nahiz bizi ostean. "Debako idazle eskolan aritu nintzen iaz, eta egin genituen ariketa horietako batean maitasuna definitzeko eskatu ziguten. Harritu egin nintzen bakoitzak egiten zituen definizioak zer desberdin ziren ikustean. Batzuentzako bakea zen, besteentzako zaintza, pasioa, sexua...". Maitasunaren bueltako bizipenak eta sentipenak ditu abiapuntu markiñarraren lanak. Bikote ohi izandakoen gauzekin eta oroitzapenekin garaje batean museoa osatzen du bere ipuineko protagonistak, eta idazleak esposizio horretan murgiltzera animatzen du irakurlea. Juan Ramon Alberdiren kasuan, "sekretuak" dira ipuinaren heldulekua. "Sekretuak hilobira eman nahi izaten ditugu, baina bakarren bati kontatzen badizkiogu, bestelakoa da gertatzen dena", azaldu du azkoitiarrak. ideia horretatik abiatzen da haren lana.  Juanma Gallego lapueblarrak aipamen berezia jaso du, baina ezin izan du sari banaketa ekitaldian egon.  

Dagoeneko aurrez sariak jaso izan dituzten idazleak izan dira aurten nabarmendu direnak. Dena den, aurkeztutako 31 lanen kalitatea azpimarratu du epaimahaiak. Hain zuzen, 31 lan aurkeztu dira, iaz baino bost gehiago. Yolanda Larrañagak, Iñigo Antsorregik eta Juan Luis Zabalak osatu dute epaimahaia.

Ana Azkoitia alkateak, sare sozialen eta adimen artifizialaren garaiotan, hezur-haragizko idazleen garrantzia nabarmendu du, eta haien ekarpena bikoitza dela adierazi. Idazleek "ekarpen kulturala eta soziala" egiten dutela nabarmendu du alkateak, eta irakurtzeak jendearen kontzientziak piztea eragiten duela. 

Irabazeen lanak irakurgai jarri dituzte Azkoitiko Udalaren webgunean.

Argazkiak: Ane Olaizola

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide