Euskarak batu ditu gaur milaka herritar Urola Kostan, eta euskara direla aldarrikatu dute Urola Kostako herritarrek gaur arratsaldean. Iragarritako orduak pixka bat pasatuta, baina Aginatik barrena iritsi da eskualdeko lurretara Korrikaren 24. edizioa gaur, asteazkenez. Orion egin ditu lehen kilometroak euskararen aldeko egitasmoak, 16:00en bueltan, eta handik Zarautzera, Getariara nahiz Zumaiara joan da. Gainera, Zumaia atzean utzita, eta Debara bidean, Arroabetik pasatu da Korrika, eta han ere ez dute hutsik egin herritarrek.
Herriz herri, eta euriak atseden emanda, pausoz pauso osatu dituzte kilometroak eskualdeko herritarrek. Giro bikaina izan da Korrika igaro den herri guztietan, eta hori nabari zen kalean, herritarrak egitasmoa iristeko zain zirenean nola, Korrika herriguneetara iristean hala. Milaka izan dira Euskara gara lelopean Atharratzetik Bilbora osatzen ari diren Korrikaren edizioan parte hartu duten eskualdeko bizilagunak, eta ikusgarriak izan dira arratsaldean herri guztietan jasotako irudiak.
Horietako batzuekin osatu du honako bideo hau Gukak, eta herritar hainbaten adierazpenak ere bildu ditu hedabideak. Dena den, igande iluntzean emango du Gukak 24. Korrikaren eskualdeko ibiliarekin nahiz herritarren kontakizunekin ondutako ikus-etzunezko saio berezia. Izan ere, gaur kostaldean ibili da Korrika, baina zapatuan Urola Erdira itzuliko da, eta igandean bukatuko da egitasmoa Bizkaiko hiriburuan.