Zumaia eta Zumarraga arteko distantzia bidegorrian barrena egin ahal izango da osorik urtea amaitzerako. Ia urtebeteko lanen ostean, Narrondo eta Arroagoiaren arteko bidegorri zatia inauguratu dute gaur, eta Arroagoia eta Iraeta lotuko dituen 1,57 kilometroko azken zatia falta da bidegorriaren 47 kilometroko ibilbidea osatzeko. Datozen asteetan hasiko dituzte azken zati horretako lanak.
Hain zuzen, bidegorri zati berriaren irekiera ofiziala eta falta denaren aurkezpena egin dituzte eguerdian Arroabeko tren geltoki zaharrean. Ekitaldian parte hartu dute Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak, Antonio Lopez Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiak, Mikel Arregi Zestoako alkateak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Argi Yeregi Zumaiako alkateordeak. Han elkartuak pozik agertu dira bidegorriak mugikortasunean ekarriko dituen onurengatik.
Narrondotik Arroagoira, bidegorritik
2,73 kilometroko luzera du inauguratu berri duten tarteak, eta lau metroko zabalera ia ibilbide guztian zehar. Asfaltatutako eta argiztatutako bidegorri zatia da. Narrondo eta Iraeta arteko lanak hiru zatitan ari dira egiten, eta gaur inauguratutakoa lehen bi zatiei dagokiona da.
Arroabeko bidegurutzean, Bombas Azcue enpresa dagoen puntutik Arroagoira arteko tartea egin zuten lehenbizi. Bidegorriaren zati hori Urola treneko plataforma zenaren gainetik doa, eta AP-8 autobide eta GI-631 errepide azpitik igarotzen da bi puntutan, trenaren Arroako tuneleko iparraldeko ahoarekin bat egiten duen arte.
Urola treneko Arroabeko geltoki zaharra eta Narrondo arteko zatia ere egin dute. Teknikariaren esanetan, hori izan dute lanik zailena, %5,5eko pendiz baten bidez bidearen gainean dagoen tren geltokia eta N-634 errepidea lotu behar izan dituztelako. Bidegorriaren zati hori, Narrondora artekoa, N-634 errepidearen albotik doa. Narrondon, egun Zumaiaraino doan bidegorriarekin lotu dute.
Aipatu lanek 3,2 milioi euroko aurrekontua izan dute, eta Europako Next Generation funtsekin finantzatu dituzte. Lanak egiteko epea bederatzi hilabetekoa zen hasiera batean, baina hamar hilabete eta erdi behar izan dituzte horretarako. Lan horiek egiteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere izan dute. Izan ere, Euskal Trenbide Sareak egin ditu Urola tren zaharreko Iraetako eta Arroako tunelen egonkortze lanak. Lau milioi euro inguruko kostua izan dute lan horiek.
Amaiera, urtea bukatzerako
Behin Narrondo eta Arroagoia arteko zatia eginda, bidegorria Iraetaraino eramatea geratuko da bailarako bide berde sarea osatzeko. Bidegorriaren azken zatiko lanak datozen asteetan hasiko dira, eta aurreikuspenen arabera, urte amaierarako bukatuko dituzte. Lanak Jaizubia Obras y Servicios SL enpresak egingo ditu, 1,04 milioi euroko inbertsioarekin.
Azken zatiak 1,5 metroko luzera izango du, eta 4 metroko zabalera. Asfalto beltzez egina izango da, eta argiztatuta egongo da, bai kanpoko trazaduran, bai tuneletan, "ibilbideko segurtasuna eta irisgarritasuna indartzeko". Narrondo eta Iraeta bitarteko azken fase hori amaitutakoan, Zumarraga eta Zumaia arteko distantzia osorik egin ahal izango da bidegorrian barrena.
Ekitaldian izan diren alkateek nahiz ordezkariek beraien poza adierazi dute bidegorria amaituko duten lanak aurrera doazela jakitean. Bidegorria egitearena "aspalditik datorren aldarrikapena" izan dela adierazi du Mikel Arregi Zestoako alkateak, eta bidegorria era jasangarrian Urola Erdia kostarekin lotzeko etorkizuneko azpiegitura garrantzitsua izango dela gaineratu du. "Ibilbide laburrak modu jasangarrian bidegorrian barrena egiteko aukera izango dugu", dio Arregik.
Jose Ignacio Asensio diputatuak, bere aldetik, alkateen eta herritarren eskaera bete egin dela esan du. Jada baztertuta zeuden bideak berreskuratu eta berrerabili ditugu, eguneroko bizitza hobetuko duen bidegorria osatzeko. Herritar orok erabiltzeko moduko bide jasangarria eta segurua egin dugu, elkarlanean", nabarmendu du diputatuak.