1960ko hamarkada. Francoren diktaduraren azken etapa. Etorkizun oparoa ikusten zuten batzuek, beltza beste askok. Garai hartan, energia atomikoa lortzeko modua erregulatzen hasi ziren Espainian. Helburua teknologia berria ezagutzea zen hasieran, eta, horren ondoren, energia iturritzat hartzea, elektrizitatea produzitzeko. Apirilaren 29ko 1964/25 Legeak, energia nuklearrari buruzkoak, erregulatu eta abian jarri zuen Espainiaren behin betiko nuklearizazioa. Horrek, euskal kostaldean hainbat zentral nuklear eraikitzea bultzatu nahi zuen, tartean, Debakoa. Baina herritarren lanari eta mugimenduari esker, bertan behera geratu zen Iberdueroren proiektua.
1965eko uztailean hasi ziren Espainiako lehen zentral nuklearra egiten, Guadalajaran. Hurrengoa Garoñakoa izan zen, 1970ean. Handik bi urtera, berriz, Vandelloskoa eraiki zuten, Tarragonan. Energia nuklearraren aldeko apustua garbia zen, eta Euskal Herrira ere iritsi ziren asmoak; izan ere, urte horretan, bigarren belaunaldiko zentralak izenekoak egiten hasi ziren, tartean, Lemoizkoa. “1972an Elektrizitate Plan Nazionala onartu zuten, elektrizitate sektorearen hazkundea antolatzeko asmoz. Beste zazpi erreaktore eraikitzeko asmoa biltzen zuen planak”, gogoratu du Pako Salegik, EZ, EZ, EZ Debako zentral nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia liburuaren egileetako batek.
Lemoizkoaz gain, euskal kostaldean hainbat zentral nuklear eraikiko zituztela zabaldu zen. Deban, Ogellan (Ispaster), baita Tuteran ere. Debaren kasuan, Mendata inguruan egin nahi zuten, Sakoneta eta Aitzuriren artean. “Energia nuklearraren beharra zegoela justifikatzeko astakeria hutsa zen txosten bat aurkeztu zuten. Deba, Zumaia eta Zestoa hartuta, guztira 18.000 biztanle inguru zeuden orduan, eta txostenaren arabera, etorkizunean 40.000 biztanle izatera hel gintezkeen”, aipatu du Salegik. Inguruan aireportu bat jartzeko aukera ere aztertu zuten.
Zurrumurruak entzuten hasi ziren aurrena herrian. “Enteratu ginen Sakonetan bidea zabaltzen ari zirela, eta zenbait mugimendu egiten ari zirela. Horretaz gain, bagenekien erostaile bat joaten ari zela inguruko baserritarrengana, lurrak saltzeko eskatuz. Gainera, meteorologia neurketak egiteko tresnak ipintzen ari ziren”, adierazi du. 1973an etorri zen, baina, guztien ahotan zebilen gaiaren baieztapena. 1973ko urriaren 22an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Debako zentral nuklearraren eraikuntzaren berria, eta Industria Ministerioak Gipuzkoan zuen ordezkariak ere baieztatu egin zuen. Proiektuaren berri jakitean, batzorde bat eratu zuen Debako herritar talde batek urte amaieran.
Arrisku Nuklearraren aurkako Batzordea
Boletinean atera orduko, Debako hainbat herritar elkartzen hasi ziren. Ezinegona zegoen herrian, eta nahiz eta energia nuklearraren inguruan ezer gutxi jakin, bazekiten ez zela onuragarria. “Gure lehendabiziko lana, beraz, informatzea izan zen. Bagenuen ezagun bat Estatu Batuetan master bat egiten ari zena, Jose Allende, eta hark bidaltzen zizkigun dokumentuak”, gogoratu du.
1974ko maiatzaren 21ean osatu zuten Batzordea formalki. Zortzi gizonezko aukeratu zituzten, bozka bidez. Horietako bat izan zen Salegi bera. “Batzordearen izena aukeratzeko garaian, iruditzen zitzaigun arriskuaren kontzientziazioa garrantzitsua zela. Ez genuen sartu nahi nuklearra bai edo ez eztabaida horretan. Arriskuaren berri izatea edo informatzea, hori zen gure nahia. Horregatik jarri genuen ‘arriskua’ hitza izenean”, nabarmendu du. Zentrala jartzeak arriskua zekarren, proiektu arriskutsua zen. Zentralaren gertutasuna zen Batzordearen argumentu nagusia. “Herrietatik oso gertu zegoen, eta horrek arazoak ekarriko zituen. 50 kilometro inguruan milaka pertsonari eragingo zion”, kontatu du.
Informazioa lortzea izan zen Batzordearen lehendabiziko lana. Partaideetako batek, Patxi Aldabaldetrekuk, Jose Ramon Rekalde abokatuarekin batera, Europara bidaiatu zuen 1974ko urriaren 18tik azaroaren 2ra. Parisen hasi zuten bidaia eta Viena, Geneva eta Stockholmen ibili ziren. Unescorekin, Osasunaren Munduko Erakundearekin eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin izan ziren, besteak beste. “Aldeko eta kontrako argumentuak ezagutu nahi genituen, eta, horiekin, txosten bat osatu genuen”.
Batzordearen eginkizun nagusia, horren ondoren, hitzaldiak ematea izan zen. Herriz herri joan ziren hitzaldiak ematen (Deban, Zumaian, Zarautzen, Donostian, Eibarren…) eta energia nuklearraren berri azaltzen. Aranzadik, berriz, txosten bat osatu zuen energia nuklearraren inguruan alertan ipiniz. “Haiek egindako lana guretzat oso baliagarria izan zen. Jesus Altuna eta Pablo Aresok, adibidez, lagundu egiten gintuzten hitzaldietara eta Aranzadiren ikuspuntua ematen zuten”, gaineratu du.
Kontrolaturik
Batzordeko kideek beldur pixka bat zutela aitortu du Salegik. “Baina lanerako gogoa genuen eta informazioa helaraztea zen gure helburua. Horretaz gain, abilidadea izan genuela uste dut legearen muga horretan ibiltzen. Garbi-garbi legez kanpo ibili bagina detenituta eta abar ibiliko ginen, eta ez genuen ezer ere lortuko”, esan du.
Izan ere, Gobernu Zibilaren kezka nagusia Batzordeak erabiltzen zuen dirua nondik zetorren jakitea zen. “Guk liburuak, txostenak, dokumentuak, pegatinak... publikatzen genituen, eta, noski, kezka zuten horren atzean zer edo zein egongo ote zen. Baina diru hori jendearen borondatetik eta Deban zeuden denda, enpresa eta abarrek emandako laguntzetatik ateratakoa zen. Autofinantzazioa izan zen gure ardatza”, gogoratu du. Baina gobernuko funtzionarioak gustura ez, eta pare bat aldiz joan behar izan zuten Donostiara deklaratzera Batzordeko lehendakariak, Jose Maria Izagak, eta diruzainak, Jose Luis Irustak. “Nola edo hala kontrolatuta geundela esan daiteke, garaiak ere halakoak ziren”, esan du.
Kontrol hori poliziaren informe batzuetan ikusi dute, liburua egiteko ikerketa abiatu zutenean. Hain zuzen, hitzaldiak ematera joaten zirenean, polizia joaten zen herritarrez jantzita zer gertatzen zen ikusteko. “Jakinaren gainean geunden, egia esan, baina orain ohartu gara baietz, bigilatu egiten gintuztela eta informeak eta guzti idatzi zituztela”. Zumaian egin zuten hitzaldi baten informea aurkitu zuten, esaterako. Hitzaldiak toki publikoetan egiten zituzten, baina kasu batzuetan elizan edo txokoren batean ere eman zituzten, erdi ezkutatuta. “Poliziak gure lanari segimendua egiten zion eta Gobernadore Zibilari kontatzen zion zer egiten genuen, eta zer publikatzen genuen. Noski, dena baimenik gabe eta ahal bezala egiten genuen”.
Debako Udalaren jarrera
Batzordearen lana eraginkorra izan zen, eta gizartea eta iritzi publikoa mugitzea lortu zuten. Zenbait faktorek lagundu zuten zentralaren aurkako jarrera zabaltzen; logotipoa izan zen horietako bat. Egilea Eduardo Chillida izan zen. Jose Maria Izagak laguna zuen, biek elkarrekin jokatu baitzuten Realean. Hala, Debako proiektuarekiko eta euskal kostalde nuklearrarekiko oposizioa sinbolizatuko zuen logotipoa diseinatu zuen.
1973an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak baieztatu zuenean Debako zentral nuklearraren eraikuntza, eta 30 egun egon ziren alegazioak ipintzeko. Debako Udalak ez zuen errekurtsorik jarri. Batzordeak, orduan, Udalaren jarrera aldatzeko asmotan, sinadura bilketa jarri zuen martxan. “Sinadura bilketak arrakasta handia izan zuen. 1.500 firma lortu genituen. Gure nahia Udalak, formalki, kontrako postura agertzea zen”, kontatu du.
Hasiera hartan, baina, bi erakundek eta pertsona batek errekurtsoa aurkeztu zuten: Aranzadik, Mutrikuko Udalak eta Manuel Maria Escudero Ruedak. “Azken hori gizon frankista bat zen, Francok aukeratua Madrilgo gorteetarako. Baina kezkatuta zegoen. Gizon horren papera asko azpimarratzen dugu. Euskal kostaldean hainbeste zentral nuklear egiteko eskubiderik ez zegoela esan zuen gorteetan, eta errekurtsoa ere jarri zuen”, gogoratu du.
Debako Udala, baina, ez zen kontra azaldu hasieran. “Alkateak esaten zuen itxaron egin behar zuela eskaera formala jaso arte; izan ere, obra lizentzia emateko eskumena Udalak zuen. Aipatzen zuen horregatik ez zuela errekurtsorik jarri, oraindik eskaera ez zuelako jaso, alegia. Errealitatea da geroago kontra jarri zela Udala ere, baina hein handi batean mugimendu hura sortu zelako herrian eta inguruetan”, azpimarratu du.
Hala, 1974ko maiatzaren 17an Udalak erabaki zuen Iberdueroren lizentziarik gabeko obrak geraraztea, eta, bide batez, ekainaren 10ean esan zuen herrian zentral nuklearra jartzearen aurka zegoela. Inguruko udal askok bat egin zuten akordioarekin, eta, horren ondorioz, Gipuzkoako Diputazioak zentral nuklearraren eraginari buruzko txosten bat egiteko eskatu zion Dames & Moore Iberia enpresari. Hark 1976ko urtarrilean entregatu zuen txostena. Ondorio hau atera zuen aukeratutako kokalekuari buruz: ”Desegokia da, gaur egun giza kontzentrazio handiegia baitago, eta etorkizunean ere hala egongo baita”.
Hurrengo hilabeteak ziurgabetasunez beteak izan ziren. Iberduerok ez zuen inoiz esan amore ematen zuenik zentral nuklearra egiteko proiektuan, baina ez zuen aurrerapausorik ematen. 1976ko abuztuan amaitu zuen Batzordeak bere jarduera, ezetza formalki jaso gabe. “Batzar orokor batean utzi genituen gure karguak, baita elkartearen eginkizuna ere”, aipatu du Salegik.
Handik urte batzuetara, Estatuko gobernuak (PSOE) plan bat atera zuen: 1983-1992 Energia Plana. Plan horretan aurreikusten zuten lau zentral nuklear jartzea martxan: Cofrentes, Asco II, Vandellos II eta Trillo I. “Plan horretan ez zen agertzen Debako zentrala. Orduan horrek adierazten zuen ez zela egingo, baina ez zen inoiz konfirmatu”, gogoratu du Salegik.
Iberduerorekin ez zuten izan inoiz kontakturik. “Haiek mespretxatu egiten gintuzten. Ez ziguten jaramonik egiten. Herri txiki bateko mugimenduak ez zien buruko minik ematen. Hainbesteko indarra zuten!”.