Baina hutsuneak ere baditu, baita hobetu beharreko esparruak ere. Zumaian erroldatuta gauden pertsonei erreparatuz gero (2017ko abenduaren 31 arteko datuak ditugu esku artean), 10.045 bizilagun gaude Zumaian, eta horietako 819 dira 0 eta 6 urte bitarteko haurrak.
Adin tarte horretako haurrentzat eta beren gurasoentzat ez dago toki egokiturik Zumaian, haur parkeak soilik. Haur parkeetan bada aukerarik, baina gaur-gaurkoz bat bera ere ez da estalia. 0-6 urte arteko haurrekin zer egin ez dakigula ibiltzen gara askotan gurasoak, batipat haurrak lau hankatan eta lurrean dabiltzan garaian eta, jakina, neguan (aurtengoa bezain negu luzeetan). Liburutegira agian? Ez da lekurik egokiena 11 hilabeteko haur batekin joateko, gainera goizez itxita egoten da haur liburutegia. Polikiroldegira agian? Non jarriko ginateke 13 hilabeteko haur batekin? Igerilekuan? Kantxan? Muskulazio gelan? Badakigu ezetz. Tabernetan? Ez dira egokiak eta sarritan molestatzen dugunaren sentsazioa izaten dugu.
Zergatik haurren adin tarte horrek ez du beraien neurrira egokituriko leku estalirik? 6 eta 12 urte arteko haurrek Ludoteka daukate (izugarrizko arrakasta du, ume askok parte hartzen dute) eta 12-17 urtekoentzat Gaztetxola dago. Eta hortik aurrera, Gaztetxe, taberna, lokal, soziedade eta abarretan sartuta hagitz ongi egoten da, lagunekin solasean, kanpoan negua nola pasatzen den begira (Zumaiak aukera asko du kafe eta antzerakoak hartzeko lekuei dagokienez). Eta hortik aurrera, Gizarte Zentroa jubilatu eta pentsiodunentzat, neguko arratsaldeak goxo-goxo igarotzeko beraien beharrei egokitutako espazio batean.
Zumaiak ez al luke asko irabaziko 0-6 urte bitarteko haurrei egokitutako lokal estali bat izango balu? Ez al genuke gurasook, txikiak zaintzen dituzten aiton-amonek eta, orokorrean, herritar orok zerbait irabaziko horrelako leku batekin? Ez al litzateke Zumaia herri osatuago, erosoago eta ederragoa izango?
Anne Agirre Egibar, Irama Calderon Uria eta Esti Aranbarri Mangas