Elkarte honek 2015. urtean egin zion lehen eskaera Udalari. Beraien esanetan, denbora honetan erantzun praktikorik ez dute jaso eta, horregatik, sinadurak biltzeari ekin diote, “lokalaren atzean ume eta guraso askoren beharra eta nahia dagoela erakusteko”.
Internet bidez jasoko dituzte sinadurak (hemen), baina baita herriko zenbait lekutan datozen egunotan:
- Haurreskolan: aste osoan.
- Herri Eskola eta Maria eta Jose kanpoan: apirilaren 18 eta 19an 16:30etik aurrera
- Kiroldegian, 19 eta 20an 17:00etatik 18:30ak arte
- Erribera kalean 21 eta 22an, 12:30/14:00 eta 19:00/20:30
Igorri duten oharrean arrazoitzen dute adin tarte horretako haurren gurasoek lokal horren beharra: “Haurren garapen egokirako, ume eta gurasoak elkar ezagutzeko, bizipenak eta irakaspenak elkartrukatzeko, eguraldi txarrarekin ere haurraren mugimendua eta jolas librea bermatzeko, ume eta gurasoen elkartearen jarduera errazteko… Eta hartara, bizitzeko egun Zumaia dena baino herri osatuagoa, erosoagoa eta ederragoa izan dadin”.
Urte hauetan bizitakoaren kronologia ere egin dute Txiribueltakoek. Hemen duzue:
- 2015ean du abiapuntu Zumaiako hainbat familiaren eskaerak. Txiribueltak urte horretan bideratu zion Udalari.
- 2016ko martxorako lokala emango zuela agindu zuen Udal gobernuak. Bien bitartean Forondako gela bat utzi zion Txiribuelta taldeari. Gela horretan hainbat ekimen egin genuen, baina haurrek “zarata” egiten zutela-eta Forondako ikastaroekin ez zela bateragarria ondorioztatu zen.
- 2016ko abenduan, agindutakoa baino 9 hilabete geroago, Udal gobernuko hezkuntza zinegotziak proposamena luzatu zion Txiribuelta-ri. Gaztetxea eskaini zuen. Gure erantzuna izan zen bateraezina zela. Batetik gaztetxea, jakina denez, gazte asanbladak egindako lanaren ondorioz lortutako zerbait zela eta ezin genuela Udal Gobernuaren eta beste taldeen arteko deman sartu. Eta bestetik, espazio horrek ez dituelako asetzen 0-6 urteko umeen beharrak.
- 2018ko hasieran biltegi moduan lokal bat utzi diote Txiribueltari beste elkarte batzuekin batera konpartituta.
- 2018ko apirilean erantzun argirik gabe daudela ikusita, sinadurak biltzeari ekin diote.