Biotopo izendatzeko prozesua abiatu zenetik, Zumaiako Udala beti agertu da alde.
Duela lau urteko hauteskunde programan jaso genuen. Biotopo hitza ez genuen erabili, baina bai Zumaia eta Deba arteko harralde guzti horrentzat babes irudi baten bila joateko eta lortzeko asmoa. Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ginen gu eta Deba, eta bilera bat izan genuen Aldundiko eta Jaurlaritzako arduradunekin. Ondo hartu zuten gure eskaera, eta harritu ere egin ziren, Udalek ez baitute normalean horrelakorik eskatzen. Baina guk eta Debak oso garbi geneukan merezi duela, lekua benetan berezia delako, eta hala esaten digute mundu osotik datozen geologoek ere. Beraz, ingurune horren etorkizuna bermatzeko merezi du, ez dadin gertatu egunen batean norbaitek ingurune horretan birkalifikazio urbanistikoa egiteko tentazioan erortzea, edo, muturrera joanda, zentral nuklear bat. Hori, lur eremuari dagokionez. Bestalde, paisajistikoki dituen balioak babestu eta geologia mailan duen oihartzunari indar gehiago emateko. Gero, Aztik egindako txosten batek dio bioaniztasun handiko eremua dela eta hori ere babestu egin behar da. Behin denok ados egonda, Jaurlaritzak hartu du gaiaren ardura, bere eskumena baita.
Lehen aldiz, jendeari iritzia eskatu zaio ezer idatzi baino lehen. Horrelako proiektuak aurrera ateratzeko ona dela iruditzen al zaizu?
Logikari jarraituta esango nuke baietz, noski. Jendeak aukera izan du esateko nahi duena, entzuteko besteak pentsatzen duena eta informazio zuzenagoa jasotzeko. Harritzen nauena da hori egin eta gero, parte hartu duten talde batzuetako ordezkariak hainbesterainoko zalantzekin edo beldurrekin agertzea. Norbaitek Gaztelugatxeko biotopoaren eredua hartu du eta zabaldu du hori izango dela hemen aplikatuko dena. Aspaldi saiatu nintzen azaltzen talde hauen guztien ordezkariei ezin zitekeela hura izan eredua, horretarako ez zelako beharrezkoa izango parte hartzeko prozesurik; Gaztelugatxekoa balitz eredua, araudia kopiatu eta kito. Eta kasuak ezberdinak direlako: Gaztelugatxe oso eremu txikia da, eta araudiak zorrotza behar du. Hemen zortzi kilometro ditugu. Baina, azalpenak emanda ere, badirudi ez direla konforme gelditzen.
Azalpenak azalpen, santelmoetan biotopoaren kontrako kanpaina egin zuten 20 taldek.
Bai, eta beste bilera bat eskatu zuten hainbat kontu argitzeko. Jaurlaritzako zuzendariari eta Ekogarapen enpresako Javier Belzari eskatu genien bilera. Behin eta berriro esandakoa esan genien, Gaztelugatxekoa ez dela eredua, mila eredu daudela, inork ez duela inoiz esan ezer debekatuko denik, akaso arrantza profesionala bai, eta ez genuela ulertzen zergatik sortu den hainbesterainoko aparra eta gaizki ulertua gure kaleetan eta hainbesteko mobida.
Eta zein izan zen beraien azalpena?
Beraiek behin eta berriz Gaztelugatxekoa aipatzen zuten, eta guk behin eta berriz ezetz. Uste dut azkenean onartu zutela agian hanka sartu zutela. Nik esan nien denok gauza berbera nahi dugula, eremu hori disfrutatu baina neurrian, guk bezala ondoren etorriko direnek ere gozatzeko aukera izan dezaten. Eta horretan ados ziren denak. Eta inork ez duela esan olagarroaren arrantza debekatuko denik. Baina egunen batean ikusten bada desagertzeko zorian dagoela, neurriak hartu beharko direla, antxoarekin egin den bezalaxe. Eta horretan ere denak ados. Eta denek ikusten zuten arrantza profesionala debekatu ahal izateko biotopoak argudio gehiago ematen dizkigula ere. Azkenean, bilera hartatik atera nuen inpresioa izan zen gauzak argitu zirela. Elisak berak esan zuen prest zegoela bilera gehiago egiteko taldeekin, informazio nahi hori asetzeko. Bilera haren ondoren kezkekin jarraitzen badute…
Jende artean dagoen beste kezka da biotopoa turismoa erakartzeko amu bezala erabiliko dela.
Bilera horietan behin eta berriro argi utzi dut nire asmoa ez dela inola ere hori baliabide turistiko gisa erabiltzea, baizik eta benetan babes irudi bat lortzea. Babesa ez dela Gaztelugatxekoaren mailakoa izango? Ba ez da izango, azken finean interes ezberdinen arteko oreka bilatu nahi delako. Biotopoak aukera ematen du egin daitezkeen zenbait ekintza finantzatzeko; ingurunea babesteaz gain, hobetzeko. Gure asmoa ez da aparkalekuak egitea, edo patata tortillarekin eguna pasatzera doan jendea erakartzea. Ingurumenarengatik interesa duenari ezin zaizkio mugak jarri, geu ere joaten gara beste leku batzuetara. Biotopoaren kontra egonda, zeren alde gaude?
Eta neurria jarri behar horretan, zer nolako ardura izango du Algorri Interpretazio Zentroak?
Interpretazio Zentroa egiteko asmoa azaldu genuenean, gogoan dut batek esan zidala etxea teilatutik hastea zela, babestutako natur gune bat izan gabe egin nahi genuela. Azken finean, Interpretazio Zentroa egitea gure esku zegoen eta natur gunea babestea beste batzuen eskuetan. Uste dut arrakasta nabarmena izan dela. Horrelako eremuek beren kudeaketa plana izaten dute eta Aldundia da horren ardura daukana eta berak jarri beharko ditu baliabideak. Dena den, Aldundiarekin hitz egiten ari gara eta oso harreman onak ditugu, Algorriren arrakasta ikusita, paper garrantzitsu bat izan dezan, biotopoaren inguruan sor daitezkeen hezkuntza dinamika guztiak hortik bideratuz. Eta, udal arduradun bezala, espero dut Aldunditik diru eta baliabide gehiago lortu ahal izango direla Algorrirentzat.
Presio urbanistikoa aipatu izan duzu. Presio hori nabaritu al duzu?
Ez, orain arte ez, baina gero eta jende gehiago bizi gara kostaldean, eta ingurumenari eragiten diogun presioa gero eta handiagoa da, nahi eta ez. Marbellaren bidetik goazela leporatu digute, baina ez dut uste gauzak horrela direnik. Baina, beno, biotopoarekin arrisku horiek bukatu dira. Esate baterako, Talaimendiko lurrak erosteko saioak egin ditugu bertako jabeekin, baina ez dituzte saldu nahi, mila aldiz esan zaien arren ezingo dutela inoiz ezer egin. Baina ez dute sinesten. Pentsatzen dute egunen batean norbaitek araudia aldatuko duela eta orduan eraikiko dutela.