Asier Hilario: “Kostalde tarte horren balio naturalak betiko mantenduko direla ziurtatzen du biotopoak”

Gorka Zabaleta 2007ko eka. 10a, 10:15

Asier Hilario.

Algorri Ezagutza Etxearen arduraduna da Asier Hilario. Bi urte daramatza bisitariei kostalde zati horren balioa ezagutarazten. 

Zergatik da beharrezkoa Zumaia eta Deba arteko kostaldea biotopo izendatzea?Zer ondorio positibo ekarriko lizkioke, praktikan, biotopo izendatzeak?

Kostalde tarte honek dituen balio naturalak bikainak eta oso bereziak dira. Inguru honi babesa ematerakoan balio natural hauek guztiak betiko horrela mantenduko edo hobetuko direla ziurtatzen da legez, eta hortaz, hurrengo belaunaldiek ere altxor honetaz disfrutatu ahal izateko apustu bat ere bada. Izendapen honek indarrean jarriko lituzke naturaren babesaz arduratzen diren legeak eta inguru guztian behar diren hobekuntzak egiteko baliabideak ekarriko lituzke. Ikerkuntzak ere bere presentzia eduki dezake bertan egiten diren erabilpenen eragin zehatzak neurtu ahal izateko eta horren ondorioz eta beharrezkoa balitz arautu ahal izateko.

Eta babestuko ez balitz, orain arte bezala utziz gero, zeintzuk dira mehatxuak?

Nire ustez, mehatxurik handiena, eta biotopoaren izendapenak betiko baztertuko duena, presio urbanistikoak dira. Gaur egungo gizartean, lehenago edo geroago bertan eraikitzeko proiekturen bat ailegatuko zen eta etxebizitza horiek erosteko prest dagoen jendea ere ez zen faltako. Biotopoarekin betirako arrisku eta tentazio hau bukatuko da eta kostaldeko zortzi kilometro ikusgarri hauek betiko basati mantenduko dira.

Biotopo izendapenak ez al du ekarriko bisitari oldea? Bateragarriak al dira ingurunearen babesa eta turismoa?

Deba-Zumaiako biotopoa ez da inoiz turismo iturri masibo bezala planteatu, ez Algorritik, ez Udaletik eta ez eta Eusko Jaurlaritzatik ere. Hemengo helburuak inguruaren babesa eta bertako balioen dibulgazioa dira beste edozein gauzaren gainetik. Ingurumenaren babesa eta ondo planteatutako turismoa bateragarriak izateaz gain lagungarriak dira, etortzen diren pertsonak inguruaren balioak ezagutzean natura gehiago errespetatuko dutelako. 

Algorri Interpretazio Zentroaren arduraduna zara. Zer neurri hartuko zenituzke babesaren eta turismoaren arteko orekari eusteko?

Lehenik, biotopoan sartu nahi duten bisitariak Algorritik pasa daitezela, bertako informazioa, ibilbideak eta araudiak ezagutzeko. Bigarrenik, bisitariak bisita gidatuetara bideratu, ahalik eta gehien. Hirugarrenik, ibilbide konkretu batzuk egokitu jendea hortik bideratzeko. Horretaz gain, biotopora kotxez gerturatzeko baliabideak murriztu, edo behintzat ez handitu... Hala ere ez dut uste biotopoak ekarriko duen jende kopurua gaur egungoa baino askoz handiagoa izango denik. 

Zure iritziz, zeintzuk izan beharko lirateke NBAParen ildo nagusiak?

Batetik, ikerketabultzatu eta erraztu egin behar da, bai geologia arloan, baita bioaniztasunaren esparruan ere. Ikerketen koordinazioa eta emaitzak Algorrik kudeatu eta gorde ditzake edozeinen esku egoteko.

Ehizari eta arrantzaridagokienez, bertako biomasaren aberastasunean daukaten eragina azaltzen duen ikerketa zientifiko bat ez dagoen bitartean, gaur egungo legedia betetzearekin nahiko izan daiteke. Gaur egun legedi hau ez da errespetatzen, arrantza profesionalean batik bat. Naturgune guztian erreserba integraleko zati txiki bat ere proposatuko nuke laborategi natural antzera, bertako biomasa potentzialak nola eboluzionatzen duen aztertzeko.

Azkenik,bisitari eta naturaren babesaren arteko oreka lortuko duen araudia eta baliabideak jarri beharko lirateke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide