Santelmoetan biotopoaren kontrako kanpaina egin zenuten. Arbustainek eta beste 19 taldek sinatutako idatzi bat plazaratu zenuten, pegatinak ere ikusi genituen… Zergatik zalaparta hura?
Jaurlaritzak deitu zigun Algorriko Ezagutza Etxean egindako lehen bilera hartara, eta bertan azaldu zuen biotopoa nahi zutela egin eta zein zen prozedura. Gero esan zuten beste bi bilera egingo zirela jendeak bere ekarpenak egiteko. Bigarren bilera Deban egin zen, eta han bakoitzak berea bota zuen. Batzuek esaten zuten zortzi urtez debekatu behar zela arrantza, beste batzuek ezetz… Bakoitzak berea. Bilera horiek egiten ari ginen garaian, Gaztelugatxeko biotopoaren legedia iritsi zitzaigun. Hura ere itsasoko eta lehorreko biotopoa denez, Jaurlaritzak legedi berbera aplika zezakeela pentsatu genuen. Hori ikusita, bi udalei idatzi bat bidali genien, biotopoarekin zer asmo zituzten argitzeko eskatuz, Gaztelugatxeko legedia hor zegoela eta kezkatuta geundela. Ez genuen erantzunik jaso.
Hori guztia santelmoen aurretik?
Bai. Guk, agian, gaizki egin genuen idatziari ez geniolako sarrera ofiziala eman Udalean, eta ez genuelako harremanetarako telefonorik jarri, baina idatzia sinatuta zegoen eta bazekiten norengana jo. Orduan, erantzunik ez zegoela ikusita, zerbait egin behar zela pentsatu genuen. Ikusten genuen ezkutuan ari zirela. Idatzi hori atera genuen, eta pegatinak ere agertu ziren kalean. Pegatina horiek ez genituen guk atera; guk ez genuke ‘biotoporik ez’ jarriko, akaso, ‘biotopo honi ez’ edo antzeko zerbait. Gu ez gaudelako biotopoaren aurka.
Zalapartaren ondoren, bilera bat egin zenuten Deban.
Bai. Festen ondoren, beste idatzi bat bidali genuen, berriro azalpen eske. Halako batean, erantzun ziguten. Bilera egin genuen, Zumaia eta Debako Udalekin, Jaurlaritzako zuzendariarekin eta Ekogarapeneko ordezkariarekin. Han garbi gelditu zen arrantza egitea egongo zela, gutxi gorabehera orain dauden baldintzetan. Guk esan genien arrantzako legea berez nahikoa zorrotza dela, eta hori baino gehiago murrizten bada gehiegi dela.
Gaur egungo legedia betearazten bada, zuek konforme?
Bai. Gauza batzuk, gure ustez, ez daude ondo. Esate baterako, olagarro bakarra arrantzatzearena. Eskas gelditzen da. Baina lege hori hor dago. Guk eskatzen duguna da lege berriak egin baino lehen dagoena betearaztea. Ikusten bada horrek ez duela emaitza onik eta gehiago zorroztu behar dela, orduan beste bat atera beharko da, baina aurrena neurriak jarri behar dira dagoena betearazteko. Horrela gelditu ginen. Bileraren akta jasotzea adostu genuen, hitz egindakoa idatziz edukitzeko. Akta han bertan sinatzea nahi zuten, baina guk esan genien lasai irakurri eta gure artean hitz egin nahi genuela. Pare bat zuzenketa eginda, duela pare bat aste bidali genuen Udaletxera, akta jaso eta berehala. Eta orain zain gaude.
Gaztelugatxeko legediarekin etorri da nahasmen guzti hau. Nondik atera zen hori?
Gu hasita ginen gure artean bilerak egiten, KAPAZekoekin –kirol portuko amarristekin– eta Debakoekin. Nork ekarri zuen ez dakit, baina bilera horietako batean azaldu zen gaia. Neurriz ez, baina bestela oso antzeko biotopo bat zela ikusi genuen, eta pentsatu genuen Jaurlaritzak legedi berbera aplika zezakeela. Beldur hori genuen, eta hori argitzea nahi genuen.
Eta argitu al dizuete?
Bai, esan dute ez dela hala izango. Zain gaude, baina leku guztietan esan dute arrantza ia orain bezalaxe geldituko dela. Guk esan genien prest geundela legea betetzeko, baina ez zuela zentzurik gero Santanderretik eta Galiziatik etorritako lauzpabost bapore egunero hor arrantzan ibiltzea eta horiei ezer ez esatea. Ikasi dute haitz gainean sarea botata arrantza egiten eta sekulako txikizioa ari dira egiten. Txitxarroa zergatik galdu da? Ez guk hartzen dugunagatik, behintzat, bapore profesionalengatik baizik. Hori ez bada kontrolatzen, hemen hamar urte barru ez da arrainik izango.
Puntu horretan, bileretan parte hartu zuen jendea ados zegoen.
Bai, denak. Gainera, denok garbi daukagu gaur egunean ezin dela ibili lehen bezala, ahal dugun guztia harrapatuz. Kontrol bat behar da, eta jendea hezi egin behar da. Eta pixkanaka ari da mentalitatea aldatzen, orain ez dago lehengo gose hura. Bat edo beste beti gelditzen da, baina jendea beste modu batera ari da ohitzen. Gero, egia da, itsasora jende berria asko etorri dela, eta horiek oraindik arrantzarako grina handia dute eta ahal duten guztia harrapatzen dute. Guk uste dugu legedia betearazteak mesede egingo digula.
Eta gauzak argituta, lasaiago al zaudete?
Bai, orain bai. Ikusten genuen arrantzan egin ezinik gelditu behar genuela, baina badirudi ez dela horrela izango. Hala ere, biotopoarekin ados edo kontra egoteko, zertan gelditzen den ikusi beharko dugu.
Eta jakinda gauzak ez direla izango zuek uste zenuten bezala, atera zenuten idatzi hura ez al zaizu orain gogorregia iruditzen? Edo uneak hala eskatzen zuen?
Egun haietan, Diario Vascon agertu zen gutun bat esanez herria ados zegoela biotopoarekin. Guk ez genuen hori ikusten. Guri jende asko etortzen zitzaigun, haserre, arrantza galaraziko zutela eta. Momentu hartan gauzak argitzea nahi genuen, eta hala egitea erabaki genuen. Une hartan ez bagenu idatzi hura atera, zer gertatuko zen? Agian gauzak berdin gertatuko ziren, baina ezin jakin.
Ekogarapeneko kidea nahikoa minduta dago idatzi horretan beraiei leporatzen zaizkien kontuengatik.
Bai. Deitu zidan eta arrazoia zuen. Nire partetik, barkamena eskatu nion eta esan nion guk Ekogarapenen kontra ez genuela ezer, gauzak argitzea besterik ez genuela nahi.