[BIDEOA] Kataluniaren aldeko argi izpiez bete ziren atzo Itzurungo labarrak

Baleike 2019ko urriaren 19a

Gau beltza ez da hain beltza izan bart iluntzean Itzurundik Algorrira doan labarrean. Gure Esku Dagok egindako deialdiarekin bat eginda, zumaiar ugari gerturatu da beraien argiekin Kataluniako herriari elkartasuna adieraztera. 

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako politikari independentisten aurkako epaia jakin eta berehala deitu zituzten lehen mobilizazioak epaia salatzeko, eta astelehenean bertan elkarretaratzea eta manifestazioa egin ziren Zumaian. Ostiralean beste elkarretaratze bat egin zuten, kasu honetan udaletxe aurrean, eta Zumaiako enpresa batzuetako langileek lanuzteak ere egin zituzten.

Atzo, berriz, labarrak argiztatzeko deialdia egin zuen Zumaiako Gure Esku Dagok. Herritar asko gerturatu zen San Telmo ermitara linternak, antortxak, frontalak eta argia sortzeko bestelako tramankuluak eskutan zituztela. Denbora batez bada ere, gau iluna ez zen hain iluna izan, eta labarrak argiztatu zituzten Kataluniarako elkartasuna adierazteko. 

Bideoaren egilea: Gorka Alberdi.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide