Boluntariotza

Jaso eta eman, borondate osoz

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 10a, 15:00

Horren aztoratuta dabilen mundu honetan, bada bestelako ikuspegi bat duen jendea. Daukatena eta dakitena besteekin musu truk partekatzeko prestutasuna dutenak. Hainbat herritar daude eskualdean modu boluntarioan eskolak eskaintzen edo  ikasketetan nahiz euskaraz hitz egiten trebatzeko laguntza ematen. Horietako batzuk dira Mari Jose Iparragirre oriotarra, Imanol Agirre azpeitiarra eta Zarauzko Ikaslagun egitasmoa.

Ikasturte hasierarekin batera, bateko zein besteko ikastaroen zurrunbiloan harrapatuta geratzeko ohitura du gizarteak. Futbol, saskibaloi edo judo eskolak, musika eskoletako klaseak, ingeles akademiak eta euskaltegiak, kiroldegietako edo gimnasioetako saioak, artegintzan trebatzeko aukera ematen dutenak... Eskaintza oparoa bezain andana dago, baina dena ez da arrosa kolorekoa. Tarifen zenbakiekin malabarrak ere egin behar izaten dira maiz; batik bat, ikastaro batean baino gehiagotan izena ematen badu norbanakoak eta, are gehiago, familia batek. Beste batzuei, haien errealitatea bestelakoa delako, askotan ezinezkoa zaie halako aukerez baliatzea.

Aitzitik, badira inolako irabazi asmorik gabe, borondate hutsez eta boluntariotza lana eginez, behar gehien dutenei klase partikularrak ematen dizkietenak, mintzalagun izateko beraien buruak aurkezten dituztenak, margogintza eta eskulanak haurrei erakusteko pasioa dutenak, gitarra jotzen edo joskintzan trebatzen irakasten dutenak eta abar. Edozein herritan dago ezer eskatu gabe laguntzeko prest dagoen jendea. Beste mundu ikuspegi bat dute, gero eta berekoiagoa eta kontsumistagoa bihurtu den honen ifrentzua dira. Jaso eta eman, eman eta jaso, eta horrela, kateak eten gabe iraun dezan. Boluntarioen jardunari balioa ematen dioten herritarrak dira.

Erlazionatuak

Ikasketetan aurrera egiteko, ikaslagun

Aritz Mutiozabal 2023 aza 10 Zumaia

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide