'La casa' eta 'Emma y el jaguar negro' filmak emango dituzte asteburuan Aita Marin

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 10a, 08:00

Paco Roca komikigilearen nobela grafikoan oinarritutako filma da lehena; abenturetako filma bigarrena.

Asteburu honetan ere bi film emango dituzte Aita Mari zinema aretoan. Gaurtik astelehenera bitartean La casa filma ikusteko aukera izango da; igande arratsaldean, berriz, Emma y el jaguar negro abenturetako lana.

Paco Roca komikigile ezagunaren izen bereko nobela grafikoan oinarritzen da La casa. Alex Montoyak zuzendutako filma, David Verdaguer eta Oscar de la Fuente ditu aktore lanetan. Aita hil ondoren, hiru anai-arreba elkartzen dira haurtzaroko udak igaro zituzten familiaren etxean. Etxebizitzarekin zer egin erabakitzea tokatzen da, eta hori uste baino zailagoa izango da.

Filma gaur, bihar, etzi eta astelehenean (ikuslegoaren eguna) emango da, 19:30ean.

Igande arratsaldean, berriz, 17:00etan, etxeko txikiei zuzendutako abenturetako lan bat emango da, Emma y el jaguar negro. Emma hazi den Amazoniako oihanak adiskidetasun paregabea eman dio, Hopekin mantentzen duena, berak kume bat besterik ez zela aurkitu zuen jaguar bat. Gertaera tragiko baten ondorioz, Emmak New York hirira joan behar du eta Hope atzean utzi. Hona hemen trailerra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide