Zumaiako Labarra Pulpo eskubaloi taldeak Espainiako Lehen Nazional Mailara igotzea lortu zuen atzo. Lubakiko kantxan jokatu zuten igoera fasea ostiral arratsaldetik atzo eguerdira bitartean Pulpok, Kantabriako Colindresek, Galiziako Redondelak eta Kanarietako Tacorontek. Zumaiako taldeak Colindres 31 eta 21 menderatu zuen, eta hala lortu du mailaz igotzea.
Dena den, Pulpok jokatutako hiru partidak irabazi ditu; igoera faseko talderik onena izan da. Ostiralean, Tacoronteri 27 eta 24 irabazi zion Pulpok eta Colindresek 27 eta 26 Redondelari. Larunbatean, Pulpo 29 eta 25 nagusitu zen Redondelaren aurrean, eta Colindresek 20 eta 28 galdu zuen Tacoronteren aurka.
Bi garaipen poltsikoan, igandera arteko talderik onena zen Pulpo; izan ere, garaipen bana batuta ziren Colindres eta Tacoronte. Aldiz, Redondela garaipenik lortu gabe ailegatu zen igandera. Atzo, berriz, Tacorontek igoera faseko bigarren puntua lortu zuen Redondelari 31 eta 30 irabazita, eta Pulporen eta Colindresen arteko demaren atarian, kanariarrek bazuten lehena izateko aukera. Colindresek Pulpori irabaztea behar zuten kanariarrek, eta hori horrela, igoera faseko azken partidak final kutsua hartu zuen Zumaiako eskubaloi taldearentzat. Hala eta guztiz ere, zumaiarrek nahikoa zuten Colindresen aurka berdintzea maila igoera ziurtatzeko. Azkenean, baina, etxekoek hirugarren puntua ere eskuratu zuten.
Partida guztietan aurkaria baino gehiago izan zen Pulpo, are gehiago Lubaki kiroldegian batutako eskubaloi zaleek emandako hauspo beroarekin. Hiru egunez jarraian goraino bete dira kantxako harmailak.
Ostiraletik igandera arteko igoera fasea izan da, eta partida guztietan usaindu da Zumaiako herriak zer nolako zaletasuna duen eskubaloiarekiko. Maila igoera lortuta, pozik agertu dira Iban Narbaiza Pulpoko presidentea, Aitor Segurola jokalaria, Iraitz Mujika entrenatzailea eta Iñaki Zubimendi jokalari ohia, Kauldi Odriozola zein Ander Torriko. Ikusi bideoan sei protagonisten hitzak, hurrenez hurren, eta igoera faseak eman duen guztia.