Elliott Erwitt argazkilari estatubatuarraren bizitza eta lana jasotzen duen Elliott Erwitt. El silencio suena bien dokumentala ikusteko aukera izango da gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Aita Mari zinema aretoan. Film honen zuzendari Adriana López Sanfeliú saioan izango da, eta behin emanaldia amaituta solasaldia izango da berekin.
Argazkilariaren erretratu lasaia eta intimoa proposatzen du zuzendariak ikus-entzunezko honetan. Zuzendariaren arabera, helburua Elliott bezalako argazkiaren ikono batera iristea zen, "bere espazio pertsonalaren bidez, argazkien ertzetatik edo elkarrizketetako isiluneen bidez. Elkarrizketa horiek intimitate partekatuko espazio irekiak dira, non gai bat, irudi bat, galdera bat edo oroitzapen bat dantza-pauso bihurtzen diren, batzuetan harmonian eta beste batzuetan disonantzian, erantzun batzuk eta are galdera gehiago egiteko bidea emango dutenak".
Zumaian gaur egingo den emanaldia ziklo baten parte bat. Gaurko saioaren ondoren, Tolosan eta Irunen ere erakutsiko dute. Horretaz gain, Erwitten lanez osatutako erakusketa ere zabalduko dute. Donostian izango da, Photogunean, gaur hasi eta ekainaren 28ra bitartean.