20:45ak dira. Narrondo auzoko txoko batean elkartu dira Imanol Etxabe Txato, Joxeba Etxabe, Julian Beiolei, Joxe Manuel Ezama, Joxe Luis Amilibia Ardantza eta Plaxido Aranburu. Duela lau hamarkada Telmo Deun taldean elkarrekin arraunean ibilitakoak dira seiak. Urteak pasa arren, bi astean behin-edo afariak egiten jarraitzen dute zenbaitek. Gaurkoa da afari horietako bat. Mahai gainean urdaiazpikoa, antxoak eta tomatea tipularekin. Txatoren etxean tomateak laguntzarik gabe hazten omen dira; Plaxidoren arabera, Errezilen produkturen bat bota beharra izaten dute ez hondatzeko. Auskalo nongo tomatea den mahai gainean dutena. Edateko, ardo beltza batzuek, eta sagardoa besteek.
Afaria hastearekin batera, arraunean hasi zireneko garaien inguruan galdetu die kazetariak. Etxabe eta Ardantza izan ziren arraunean hasten aurrenak, 15-16 urte zituztela. Beiolei, Aranburu eta Txato urte batzuk beranduago hasi ziren, 1981ean edo. Txatok gogoan du lehenago anaiari "nora hoa eguraldi honekin?" oihukatzen ziola euripean motxila hartuta ikusten zuenean: "Eta gero neu hasi". Beiolei, berriz, zapatu gau batean engainatu omen zuten txingak utzi eta Zumaian arraunean hasteko. Ezama izan zen taldera sartzen azkena, 1984an taldeak Kontxako Bandera irabazi eta gerora.
Hasierako ibilerez hizketan hasi dira. Tailerrean ez ziotela baimenik ematen bati, eta arraunean nola egin behar zen ere ez omen zekitela besteak. Baziren igeri egiten ez zekiten hainbat ere, eta baita, txakurren modura, justuan defendatzen zenik. "Ni bezala beste hamabi doaz" esan eta lasai joaten ziren itsasora, "ez genuen ezer pasatuko zitzaigunen pentsatu ere egiten".
Ezer pentsatu ez, baina arriskua bazen. Gogoan dute itsaso txarra zela gauez entrenatzera atera zirenekoa. Arraunean orduak eman ondoren, ez zen Zumaiara sartzeko modurik, itsasoko sarrera ez baitzen gaur egun dena. Eta buelta erdia eman eta arraunean jarraitu behar Getariaraino.
Halako entrenamenduek gogortuko zituzten arraunlariak agian, eta hasi ziren pixkanaka garaipenak lortzen ere. Villa de Bilbao izan zen zumaiarrek lortutako lehen bandera, 1981ean. Urte horretan iritsi ziren lehenengoz Kontxako Banderan parte hartzera ere.
Kontxa aipatu bezain laster egin dute salto handik urte batzuetara bizitakora. Ez 1984an irabazitako horretara, 1983kora baizik. Badirudi aste gorabeheratsuak izan zirela garai hartakoak arraunlarientzat. Jendeak kontatzen duenagatik, zumaiarrak ziren faboritoak urte hartako Kontxan, baina sailkapen estropadan gertatutakoak bira bat eman zion lehiari.
Mahaian daudenen arabera, urte hartan Orio ez zen Kontxara sailkatu, baina epaileek sartu egin zuten. "Bi talde utzi zituzten kanpoan hura sartzeko. Bat ez, bi". Izan ere, egindako denbora baino minutu bat gutxiago jarri omen zioten. Horrelakorik ezean, eta jokatu gabe jakiterik ez dagoela ondotxo dakiten arren, ziurtzat jo dute bandera Zumaiak irabaziko zuela.
Orio sailkatu zen Kontxako Bandera jokatzera beste sei talderekin batera, horien artean zumaiarrak zirela, baina bertan zeuden ikusle eta arraunlari askoren esanetan, oriotarrak ez ziren zazpigarren postuan geratu sailkapen estropada, eta ez zuten sailkatzea merezi. Horren aurrean, Kaikuk, Castrok eta Zumaiak boikota egin zuten, eta ez zuten parte hartu hurrengo estropadetan, eta horrela, Oriok irabazi zuen urte hartako bandera. Horrela kontatzen dute zumaiarrek, oriotarrei galdetuz gero seguruenik bestelako kontakizuna egingo luketen arren. Oriotarren errua dela diote batzuek, Donostiako epaileena dela besteek, edota estropada antolatzen zuen Rafael Agirre Francorena. Argi dagoena da bi herrien arteko lehia aspalditik datorren kontua dela.
Bakailaoz beteriko bi kazola ekarri ditu Txatok mahaira. Bat tomate eta piperrekin, bestea pil-pilean. Platera zerbitzatzearekin batera, hurrengo urteko Kontxaz zer gogoratzen duten galdetu die kazetariak, eta "mozkorra galanta", erantzun du Ezamak. Ardantzak bazuen zer ospatu, 23 urte betetzen baitzituen egun hartan. Bandera irabazi eta Zumaiara bidean Orion gelditu ziren bazkaltzen. "Bueno, Orion ez, Ortzaikan".
Estropadan bizitakoa alde batera utzi dute, eta hasi dira berriro ere burura datozkien uneak zein urtetakoak izango ote ziren eztabaidatzen... Urte horietako batean ETBko helikopteroa gainean gogoratzen dute, eta izugarrizko haizea sortzen zuela. Lehenengotariko emankizunak izango ziren, eta kamerak ez ziren gaur bezalakoak noski. Urteen nahastea argitu ezinik, sakelakoari galdetu diote ETB zer ordutan sortu zuten, zenbat urte dituen Ibon Gaztañazpik, eta zergatik ez, euren izenak jarrita zer agertzen den. Azken horrek ez du fruitu askorik eman ordea... Hala ere, Googlek ez ezagutzeak ez du esan nahi gazteak zirenean jarraitzailerik ez zutenik. Entrenamenduetan atzetik ibiltzen ziren jarraitzaileak ere bazituztela esan dute. Itsasora irteten zirenean batzuk itxaroten geratzen omen ziren herrian, eta ba omen zen amona bat egunero zain egoten zena, gizon bat atzetik izaten zutena. Garai hartan gauzak beste modu batera bizitzen zirela ondorioztatu dute.
Herriak taldearengan jartzen zuen arreta erakusten du ere Joxeba Aristirekin bizitakoak. Patroia zen Aristi, eta zenbait tirabira izan zituzten estropada batzuetan. Luxia entrenatzaileak patroia aldatzea erabaki zuen orduan, Aristi kendu eta Gorria jartzea. Oriotar batek zumaiar bat ordezkatzeak ez zuen harrera oso ona izan, ordea, herrian, eta kontatu dute, protesta gisa, pintaketak azaldu zirela kaleko hormetan.
Herritarren babes hori une oro sentitzen zuten arraunlariek. "Herri guztia zain egoten zen, jaiero-jaiero", esan du Txatok. Irabazten zuten bandera bakoitzarekin ongietorria egiten zieten herritarrek. Garrantzitsuenak udaletxean ospatzen zituzten, eta kalean besteak. Txarangaren musika eta guzti izaten zuten. Eta ez Zumaian bakarrik, handik kanpo ere txaranga beraiekin joaten zen, baita Galiziara ere.
Izan ere, ez ziren gutxi izan urte haietan zumaiarrek irabazi zituzten banderak, eta 1984an, jokatutako denak irabazi zituzten. "Hori beste inork ez du egin", azpimarratu du Etxabek. Urte hartan jokatutako 19 banderak irabazi zituzten, eta ez hori bakarrik, jokatutako 30 estropadak ere eurek irabazi zituzten. "Horretarako ondo ibiltzea ez da nahikoa, zortea ere ikaragarria behar da", erantsi du anaiak. Zenbakiek argi erakusten dute geldiezinak izan zirela.
Nahiko bakailao janda, Etxabe anaiek jaso dituzte kazolak, Ezamak medikuak esandakoak errepikatzen dituen bitartean: "Niri esaten dit gutxi janda joan behar dela ohera". Minutu gutxira, saiheski tontor bat ekarri dute sukaldetik mahaira.
Arraunean aritu ziren garaian ere ez zuten arazo handirik izaten jan-edanarekin. Oraingo arraunlariek neurri zorrotzak bete behar izaten dituzte, baina lehen ez zen halakorik. Aholkuren batzuk jasotzen zituzten, baina ezer gutxi.
Entrenamenduak amaitzean Etxeonara joaten ziren arraunlariak, 22:00 aldera. Han ardoa gaseosarekin hartzen zuten, hiru bat basokada, eta laguntzeko, almendrak. Indarrak berreskuratutakoan, etxera joan eta afaldu. Noizbehinka afariak ere egiten zituzten: "Mila pezetakoak, txapela kentzeko modukoak". Badute zer eskertu Etxeonako Iñakiri. Castrotik bueltan etorri ziren batekoa oroitu dute. Goizaldera iritsi ziren, 01:00, eta errepide erdira aterata omen zegoen Iñaki, autobusa gelditu eta taldeari afaltzen emateko.
Izan zen katuren bat jatea tokatu zitzaionik ere. Aita Mari soziedadean gertatu zen hura. Bertan bueltaka ibiltzen ziren lau bat katu harrapatu zituen taldeko sukaldariak. Usainari soilik kasu eginda untxia zirudiela diote, baina jakinaren gainean zeudenak ez omen ziren gai izan probatu ere egiteko. Besteek osorik jan zuten.
Giro ederrean ari dira garai hartako gorabeherak gogora ekartzen, saiheski hezurrak garbi-garbi uzten dituzten bitartean, eta kazetariak aukera probestu du 84an, Kontxako bandera lehendabizikoz irabazi zutenean, sentitu zutenaz berriz galdetzeko. "Emozio ederra, ederra izan zen, giro bikaina sortu zen", esan du batek. "Kontxa beti izaten da berezia, baina aurreko urtean pasatakotik, 84ka are bereziagoa izan zen", albotik beste batek. Munduko txapelketa batekin edo txirrindularitzan Frantziako Tourra korritzearekin konparatu dute. Batzuentzat jokatzeko estropadarik ederrena da Kontxa, baina ez denentzat, hobeak badira iritzi diote. Eta jarraitu dute estropaden arteko konparazioak egiten.
Konparaketa horietan inoiz ahaztuko ez duten estropada bat atera dute mahai gainera, behin bakarrik egin den bat, Getariatik Donostiarakoa. Ordu eta sei minutuko iraupena izan zuen, eta arraunlariek ur botila bana jaso zuten izerditan botatakoa berreskuratzen joateko. Deshidratatuta amaitu zuen Txatok, helmugara iritsita ere inkontzienteki arraunean jarraitzen zuela esan du. "Nik ez nuen edateko beharrik sentitzen", argudiatu du. "Orain ere ez, baina ari haiz", erantzun dio Beioleik, eskuan duen ardo basoari begira. Dirudienez beste taldekide batek ere deshidratatuta bukatu zuen estropada, Debako batek, eta ospitalean bukatu zuen hark.
Sekulakoak egindakoak dira mahai bueltan daudenak. Aldi batean, hiru estropada irabazi zituzten 24 ordutan, eta beste batean, bi bandera egun berdinean. Arropaz aldatu ere ez zirela egin esan dute. Bat bukatu, autobusean sartu, eta bestearen bila. Garai hartan normaltzat omen zuten horrela ibiltzea. "Konfiantza handia genuen taldea eta ez genituen gauzak askorik pentsatzen".
Erronka horiei guztiei aurre egiteko, etxekoan laguntza ezinbestekoa izan zutela esan dute. Garai hartan, batez ere ama izaten zuten atzetik. Etxera gosez iristean afaria mahaian izaten zuten, blai egindako arropa guztia hurrengo egunerako prest izaten zuten... Eta azken hori ez zen lan makala izango, egungo lehorgailuaren lanak suak eta toalla batzuk egiten zituztenean.
Mahaiko tresnak jaso dituzte, atzetik datorrenari lekua egiteko. Etxean egindako mamia, txokolatezko palmeraz eta bestelakoz beteriko kutxa handi bat, eta intxaurrak. Sei intxaur jaten ditu egunero Plaxidok. Baina beste zerbait ere ekarri du Txatok postrearekin batera: albumak. "1983" jartzen dio bati alde batean, eta "1984" jartzen dio besteari. Urte horietako egunkari zatiak daude barruan, txukun-txukun moztuta eta gordeta.
Aurrenengoa ireki eta begira hasi dira. Argazki asko ez dira guztiz argiak. Pertsonen siluetak ikusten dira, baina ez da erraza ezberdintzea nor den bakoitza. Beste batzuetan, aldiz, argi ikusten dira aurpegiak.
1983koa utzi, eta 1984koa ikusten hasi dira. Urte honetan bildutako albiste guztiak ikustearekin bakarrik argi geratzen da Telmo Deuneko mutilek garai oso oparoa izan zutela. Lehenengo albisteek taldearen garaipenen berri ematen dute, eta, pixkana, nabari da kazetarien lerroburuetan denak jabetzen zirela izugarria zela egiten ari zirena, geldiezinak zirela alegia. Irudimena erabiltzen hasi behar izan zuten kazetariek, astero "Telmo Deunek irabazi du berriro ere estropada" jartzea saihestearren.
Bizkaiko estropadek izaten zituzten sariez gogoratu dira. Hasteko, Gipuzkoan normalean bi estropadetara izaten omen ziren lehiak, sari bakarrarekin, eta Bizkaian, ahalegin erdiarekin, estropada bakarrarekin, saria lortzen zutela. Santoñatik Seat Panda bat ekarri zuten adibidez, bi urtez jarraian.
Kontxako Banderarekin konparazioak egitera igaro dira. Ezamak egin du kalkulua: kopuruak pezetetatik eurotara pasatuta, 24.000 euro jasotzen zituen irabazleak Kontxan, baina hiru estropada egin behar; beraz, 8.000 euro estropada bakoitzeko. Bizkaian, aldiz, estropada bakarra eginda jasotzen omen zituzten tamaina horretako sariak.
Albumean aurrera, zumaiarrek irabazi zuten Kontxaren inguruko albisteak ageri dira, eta kazetariak hirugarren saiakera egin du beste bitan ihes egin dion elkarrizketa behartzeko, baina alferrik, euren buruari garrantzia kendu eta Kontxa berari garrantzia eman nahi izan diote: "Kontxa beti izan da Kontxa, garai baten agian gehiago". Garai batean, Donostian etxe bat erosteko moduko sariak ematen omen zituzten, Franco ere bertaratzen omen zen, eta han egindako apusturen baten erruz baserria galdutakoak ere ba omen dira.
Sariekin jarraituz, zumaiarrek ez dakite non egongo ote den eurek urte hartan irabazi zuten Kontxako bandera hura. Lehen udaletxean gordetzen zituzten bandera guztiak, baina han obretan hasi zirenean lekuz aldatu zituztela esan dute, eta ez zirela oso txukunak atera gordeta egon ziren lokaletik; hezetasunez eta lizunez beteta amaitu zuten. "Garbitu zituzten gerora, baina itxuraz orain ez dira duela 40 urte ziren berak". Etxaberi Kontxakoak baino pena handiagoa ematen dio bateletan Loiolan atera zutenak, hura oso bandera ederra zela dio. Eta Kontxako beste bandera bat ere izango da horien artean, 1987an ekarri zutena.
Orain 20 urte balituzte berriz arraunean hasiko ote liratekeen galdetu die kazetariak, eta Ezamak erantzuna: "Kuadrilla bera izanda, bai". Eta beste bost kideek arrazoia eman diote hari. Argi dute egin zuten lagunarteagatik etorri zela beste guztia. Gogoan dute eztabaidaren bat edo beste izaten zutela, baina haserrerik ez. Egunero egoten ziren elkarrekin, eta ordu asko gainera: entrenamenduak, estropadak, hamaiketakoak eta afariak... Etxabek azpimarratu duen moduan, "milisegundo batzuengatik galdutako estropadak han geratzen dira azkenean, baina taldea da gaur egun arte bizirik iraun duena".
Oraindik ere urtero bitan elkartzen dira gehienak. Martxoan arkume jana egiten dute, eta Kontxako bigarren larunbatean bazkaria, igandean lasai ibiltzeko. Eta horiez gain, sei bat lagun hamabostero elkartzen dira afaltzeko.
00:30ak jota bukatu dute gaurkoa, arraunean ez ezik, hizketan ere geldiezinak direlako. Arraunlari garaiko ibilerez gain, Everestera igotzeko ilarak, Sanjuandegiko festak, erromatarren garaiko arkitektura eta AEBtako politika ere hizpide izan dituzte, eta anekdotak eta istorioak bata bestearen atzetik kontatu.
Gauza handiak egin zituen talde bateko kideak izan ziren seiak. 84an Kontxa eta jokatutako beste bandera guztiak irabazi zituzten, beste inork egin ez duena; estropada gehiago ere irabazi zituzten, eta beste batzuk galdu ere bai; ospakizun eta festa asko egin zuten elkarrekin, hamaiketako eta afari ederrak ere bai; baina garrantzitsuena, lau hamarkada geroago bizirik eta indartsu jarraitzen duen taldea sortu zuten.
Oharra: Idatzizko testu hau papereko bertsiorako egindakoa da.