Klarinete laukoteen lehiaketa egin dute gaur eguerdi partean Zumaian. Sapere Aude Sinfoniettak antolatutako jarduera honetan Zumaiako eta Errenteriako musikariez osatutako sei laukote aritu dira, nahiz eta hasiera batean gehiago ziren parte hartzekoak: Kataluniako eta Gasteizko laukote bana etortzekoak ziren Zumaiara, baina azkenean data arazoengatik huts egin dute.
Lehiaketako lehen zatia Zumaiena ikastetxean egin dute. Bertan aritu dira musikari gazteak epaileen aurrean lanean. Sari banaketa jarraian egin dute, Alondegiko Oxford aretoan. Saritutako musikariek lehiaketan jotako pieza errepikatu behar izan dute jendaurrean.
8-12 urte bitarteko kategorian, Julen Garatek, Eki Manterolak, Aner Elberdinek eta Irati Manterolak osatutako Ejuia laukotea izan da irabazlea.
13 eta 16 urte bitarteko kategorian berdinketa izan da Uxua Mitxelenak, Maia Vitak, Leire Egañak eta Uxoa Aranberrik osatutako Lumu laukotearen, eta Lier Manteriola, Maider Vita, Maia Vita eta Uxoa Aranberri partaide izan dituen Mamu kuarteten artean.
17-21 urte bitarteko kategorian, berriz, Kepa Erkiziak, Noa Petixek, Uxue Mitxelenak eta Uxoa Aramberrik osatutako Mape Quartet izan da irabazlea. Azken hauek Pariserako bidaia eta datorren urteko Zumaiako Musika Jaialdian jotzea jaso dute sari gisa.